Trufa-laborariak

Trufa hitza hiztegian bilatzen badugu, honako hau da aurkituko dugun definizioa: landareen sustraietan, mikorrizak eratuz hazten diren zenbait honddo askomikotoren izen arrunta. Europan, Tuber generoko 25 mota desberdin daude. Perigord edo boilur beltzaz ezagutzen dena, nahiz eta barnetik zuria den, zuhaitz artean hazten da (artea, hurrondoa), haiekin erlazio berezia sortuz, izan ere, onddoari karbohidratoak heltzen zaizkionean, arbolaren sustraiak mineralez elikatzen ditu. Gutxienez bost urte behar izaten dira lur-azpian sortu dela jakiteko. Hala ere, zaila izaten da non dagoen asmatzea. Txakurrek edo txerri eta basurdeek soilik hartzen diote usaia trufari, eta bederatzi hilabete behar dira animaliak arrastoa hartu eta trufa zehazki dagoen lekua aurkitzeko. Guzti horrek misterio handiagoz janzten du trufa bera.

Egindako ikerketen arabera, Egipto zaharreko biztanleek ere fruitu itxuragabe hori jaten zuten. Urteak igaro ahala, eman zaion garrantziak gorabehera asko jasan ditu. Hala ere, beti, diruari lotua egon izan ohi da erosteko aukera, eta familia aberatsek kontsumitzen zituzten bereziki. Croagnes-eko Joseph Talon nekazaria izan zen aro modernoan fruitua ekoizten lehena. Bere lurretako mahatsondo eta zerealak kendu, eta arteak landatzen hasi zen, basoko trufak jasotzen hasteko. Frantsesak izan dira azken hamarkadetan trufaren kontsumitzaile eta zabaltzaile bereziak.

Frantzian dagoen trufa-eskaera handia kontuan izanda, berrogeita hamarreko hamarkadan Katalunian hasi ziren fruituaren bila, baita aurkitu ere. Lasterrera hasi ziren ere Aragoi, Valentzia eta Gaztela eta Leonen, produktua Frantziara esportatzeko. Baina etxerako merkatuak ere berehala sortu zituzten.

Gaur egun, basoko trufaren ordez, trufa-laborantzaren bidez lortzen den fruitua ekoizten da. Era horretan, bere iraunkortasuna bermatzen da.

Aipatu dugun bezala, txakurren laguntzaz aurkitu ohi da trufa. Prozesuak ezaugarri bitxiak ditu. Ondo azaldu ahal izateko, 20 urtez trufa ekoizten dabilen Javier Landerren laguntza jaso dugu. Lan-txakurra hartu eta, mundu hori ezagutzen ez dugunontzat, guztiz deigarria den prozesua ezagutu genuen. Horrez gain, interesgarriak izan ziren ere berak emandako azalpenak: lurraren prestaketa eta mantentze-lanak, eta azken urteotan trufa-ekoizpenak jasan dituen aldaketak.

TrufaTrufa beltza. (Argazkia: Javier Carballo).