Tutugintza

Ondoren, hiru hortzeko sarde erdilandua beste sail batera eramaten da. Horretan, tutua edo egurrezko giderra sartzeko besoa prestatzen dute bi langilek.

Beraz, lehenbizi gurutze antzeko piezaren laugarren ertza labean sartzen dute goritzeko, eta goritu ondoren, kurrika batzuekin helduz biraka ari diren bi arrabolen artean sartzen du hainbat aldiz, pieza zapaldu eta mehetzeko, lehenengo aurreka eta gero alboka; horrekin laugarren mutur horri paleta zabal eta mehe baten itxura ematen diote.

Berehala, eta pieza oraindik bero dagoela, langile batek bere taldeko beste langileari pasatzen dio pieza; horrek pieza prentsa batean sartu eta sobran dagoen materiala kentzen dio trokel egoki batez; ondoren antzeko beste makina batera eramaten du, eta hor, tramankulu batean eta presio bidez paletari kurbadura egokia ematen dio, hau da, ertzak bata bestearen gainean tolestuz eta horrela tutu bat eratuz. Prozesuaren azken zati horretan, tutuari zulo bat egiten diote, gero iltze batekin sardea giderrari lotzeko.

Operazio horiek guztiak hiru piezako sortatan egiten dira. Hiru piezak batera ateratzen dira labetik eta bata bestearen atzetik eraldatzen dituzte, ondoren beste hiru ateratzeko. Metalezko pieza eta giderra espiga baten bidez lotzekoak direnean, moztu eta prentsa batean ematen zaio forma egokia. Bi forjarik batez beste orduko 220 sarde hortz egiten dituzte.