Txistuak

Zibilizazio ezagun guztiek musika sortu dute, musika gizakien sentsibilitateari eragiten dion soinuen konbinazio gisa ulertuta, soinu konbinazio hori ahotsek edo musika tresnek edo bien arteko konbinazioak sortua izan. Musikaren garapena, garai bakoitzeko kultura irudikatuta, etengabea izan da, gaur egungo konplexutasunera iritsi arte.

Historian zehar gizakiek mota guztietako musika tresnak fabrikatu izan dituzte, eskura izan dituzten materialak zein teknologia erabilita. Musika tresna horietako batzuk txirulak izan dira, horien aldaerak ezin konta ahalakoak izanik, eta oro har onartutako sailkapenaren arabera horiek aerofono izenekoen barruan biltzen dira. Gure txistua, euskal txirula, berriz, lantzerra duten bertikalen artean sar daiteke: horietan ahokoa mutur batean dago eta airea sartzeko hodi bat du, beheko aldeko zulo batek duen ertz fin bateraino iristen dena.

Azterlariek tresna honen barruan txirula arrunta (txistua), tamaina  txikiagoko txirula eta silbotea sartzen dituzte.

Aurrekari antzinakoena 1921. urtean Estrasburgoko Unibertsitateko Passemard irakasleak Nive/Errobi ibaiaren arroan burutu zituen arkeologia ikerketetan aurkitu zen, hain zuzen ere Lapurdiko Isturitze herritik hurbileko Paleolitiko garaiko 25.000 urteko antzinatasuna zuen haitzulo batean aurkitu zena. Hegazti hezurrez egindako historiaurreko txirula hori, bere muturretako batean hiru zulo dituena, Saint-Germainen Layeko Museoan kontserbatzen da, Parisetik oso gertu. Hamabi zentimetro luze da eta hamabost milimetroko diametrokoa.

Txistu baten atalakTxistu baten atalak (Julen Zabaleta).

Jose UrainJose Urain "Txanbolin"en argazkia. Hirurogeita hamar urtez Debako (Gipuzkoa) udal txistularia izan zen, 1839tik 1909an hil zen arte.

Arturo Campionek jakinarazten digu Rodako Kodexak adierazten duela IX. mendean Iruñean txistua (tibia) jotzen zela. Era berean, Zarrakazteluko La Oliva Monasterioko aurrealdean (Nafarroa) txistua eta danbolina jotzen ari den gizon bat irudikatzen duen XII. mendeko estatuatxo landugabe bat dago.

Beste kultura batzuek, Europakoek zein beste kontinentetakoek, historiaurreko gure txistuaren antzeko musika tresnak aurkitu dituzte, oro har hezurrez egindakoak, baita gizaki hezurrez egindakoak ere; izan ere, ez da ahaztu behar hezurra erabiliz gero barruko aldea zulatu behar izatea ekiditen dela, hain zuzen ere lan honetan burutu beharreko lan zailenetariko bat.

Esan beharra dago euskaldunentzat txistuak esanahi berezia duela, baina, beste herri batzuek ere oso musika tresna antzekoak erabiltzen dituzte, hurbileneko erkidegoek zein urrutiagoko beste herrialde batzuek. Horietan beste izen batzuekin ezagutzen da tresna hau. Dena dela, azpimarratu beharra dago gu izan garela musika tresna hauei aprobetxamendu onena ateratzen jakin dugunak. Beste alde batetik, tradizioz txistua funtsezkoa izan da gure jarduera zibil eta erlijioso garrantzitsuenetan.

Azken hamarkadetan, txistuak garapen handi eta positiboa izan du, batez ere, gaur egungo musikari egokitu zaiolako, Jose Ignacio Ansorena bezalako maisuek egindako ekarpenei esker. Gizartearen aldetik izan duen balorazioa ere hobetu egin da. Administrazio publikoek, aldundiek eta udalek ematen dioten babesa ere gero eta handiagoa da.