Udalerrien esku-hartzea

Udalek historian zehar etengabe izan zuen kezka nagusietako bat herritarrek adreilu eta teila gabezia zutela zen. Izan ere, garraio zailtasunen eraginez, edo beharrezko inbertsiorik egiten ez zenez, adreilu eta teila eskaintza ez zen eskaria asetzeko adinakoa. Horren ondorioz, hainbat dokumentu nahiz kontratuk jasotzen duten bezalaxe, udalek maisu teilaginak kontratatu behar izaten zituzten, gehienetan kanpotarrak, adreilu nahiz teilak egosteko labeak martxan jartzeko eta labe horiek denbora zehatz batean zehar ustiatzeko. Horri esker, eraikinak egin edo konpontzeko behar ziren adina adreilu eta teila izatea bermatzen zen. Bestalde, herritarrek teila kantitate zehatz bat erosi behar izaten zuten, aldez aurretik zehaztutako prezio batean "betiere adituen iritziaren eta ikuspegiaren arabera, lana ongi ateratzen baldin bada, eta ez bada herritarrek guztiz onartzekoa, orduan ez dira lana bere horretan erostera beharturik egongo, baizik ofizialak (teilaginak) bere kargu hartuko du"(1).

Lehen esleipena amaitzean, udalek labe horiek enkante publikora ateratzen zituzten, adjudikatariak teila eta adreilu kantitate jakin bat egiteko konpromisoa hartzen zuen, eta herritarrek, berriz, teila eta adreilu kantitate zehatz bat prezio zehatz batera erosteko konpromisoa hartzen zuten. Horrez gain, azken horiek ere laberako erregaia ere eman behar izaten zuten, hau da, otea eta egurra.

Teila eta adreilu mota bakoitza egiteko, egurrezko molde batzuk erabiltzen ziren. Molde horietako bat molde nagusia edo erreferentzia-moldea izaten zen, eta hori udalak berak jartzen zuen, hark nahi zituen neurriak behar bezala markatuta. Urtero, lana egiteko beharrezkoak ziren moldeak egiten ziren. Molde berriak egiaztatu eta markatzeko, molde zaharrak erre egiten ziren. Elgoibarren, molde nagusiak “Udaletxeko atean iltzatzen ziren”, horrela edozein momentutan behar ziren egiaztapen guztiak egiteko.

XVII. eta XVIII. mendean, Gipuzkoan teilagin eta adreilugile artisaurik bazegoen ere, lanbidea ez zen omen zen oso ezaguna, garai batzuetan gainbehera handia jasan baitzuen. Hori zela eta, askotan Lapurdiko ofizialak erabiltzen ziren labeak eraiki eta teilak egiteko. Esaterako, 1660an, Elgoibarko Udalak Martin Arrese "Labort probintziako Larrasao herrikoa” kontratatu zuen “karea, adreiluak eta teilak” bi egunetan zehar egin zitzan. Berriz ere 1691an, Elgoibarko Udalak Joan Agirre Larrasaotarra kontratatu zuen lan bera egiteko.

Lanbide horretako ofizial gabezia edo eskasiak hurrengo mendeetan ere ohikoa izan omen zen. Izan ere, 1754an, Aita Larramendik, Corografia lanean, lanbideak aipatzerakoan, honakoa zioen "ikusi dut frantsesak teilagintzan aritzen direla, eta ez dakit zergatik Gipuzkoarrak ez diren lanbide horretan aritzen".

1770ean, Euskalerriko Adiskideen Elkarte Ekonomikoak lanbide horri buruzko txostena egin zuen. Bertan, Gipuzkoako teilagin eskasiaren arrazoia garai hartan lanbide batzuen ospe txarraren eragina zela azaldu zuten, lanbide horien artean teilaginak eta buztinlariak zeudelarik. Teilagintza sustatzeko asmoz, hainbat aholku eman zituzten: besteak beste "(lanbide horretarako) nahiago dira bertakoak kanpokoak baino, nahiz eta kanpokoak bezain trebeak ez izan", eta "kanpokoak kontratatzeko beharra badago, horiek lanbidea bertakoei erakutsi beharko diete, eta horretarako egurra eta otea dohain emango zaie" (2).

XIX. mende hasieratik aurrera, aurreiritzi horiek guztiak desagertzen joan ziren, eta teilagileen lana Euskal Herri osoan zabaltzen joan zen, eskari guztia asetuz.

Buztina oratzeko ere zaldiak erabiltzen zirenBuztina oratzeko ere zaldiak erabiltzen ziren.

 

(1) Contrato de la Villa de Amezketa con Martín de Gaztanbide 1676. A.P.T. Leg. 1046. 4. orria.

(2) Leandro Silvan. Cerámica del País Vasco. Gipuzkoako Aurrezki Kutxako argitalpenak