Uhalgileak

Gizakia antzinako garaietatik baliatu ohi da animalien larruaz bere burua hotzetik babesteko. Hasiera batez larru gordina erabiltzen bazuen ere, laster ikasi zuen larrua ontzeko modua. Urteek aurrera egin ahala, larruaren erabilera ere areagotu egin zuen, eta larruari beste erabilera batzuk ematen hasi ziren: jantziak, oinetakoak, likidoak gordetzeko eta garraiatzeko zorroak, zaldietarako hedeak, mugimendua transmititzeko uhalak, eta abar. Eta ez hain urruti, industriako langileentzako jantziak eta era askotako gaiak: larru zorroak, poltsak, gerrikoak eta maletak, besteak beste.

Larruak izan dituen erabilera horiek guztiek larrua eraldatzeko langile berezituak eskatzen zituen. Hala, larrua lantzeko artisauak sortu ziren, eta horiek garaian garaiko produktu eskatuenak egiteko espezialista bihurtu behar izan ziren: zapatagileak, zahatogileak, larrukigileak, uhalgileak, arnes-egileak, eta abar. Lanbide horiek guztiak garrantzi handia izan zuten iraganean, gure adinduek gogoratzen dutenez eta toponimiako leku askotako izenek adierazten dutenez. Plaza, kale eta auzo asko dira, herri askotan gainera, lanbide horien aipamena egiten dutenak.

Gabriel Imbulruzquetak (Panorama Artesanos II. Nafarroako Gobernua), 1987. urteko aipamenak eginez Nafarroako larrugintza sektoreko azken artisauak dakartza gogora: Zangozako José Joaquín Iso; Garesko Feliciano Vélez; Labaiengo Florentino Ibarra; Lizarrako Francisco Luquin eta Melchor Vicente Labat; Tafallako Enrique Olalla; Huarteko (Iruñea) Jamar; Corellako Rodriguez; eta Iruñeko Álvarez, De las Heras eta Biurrun. Juan Garmendia Larrañagak (Obras Completas, 510/514 orrialdeak), bestalde, Isabako larrukigile Bernabé Contíni egindako bisita esanguratsuaren berri ere ematen du.

Larrugintzaren artisautzan, segur aski, uhalgile edo arnes-egilearena da lanbiderik adierazgarriena, bere langintzan erakutsi behar dituen abilezia eta erabili behar dituen erreminten aniztasunagatik. Arnes-egileak, edo uhalgileak, era askotako gauzak egiten ditu larruaz, batez ere zalditeriarekin egiten den laborantzarako, eta zaldian ibiltzeko erabiltzen diren zelak edo zaltokiak egiteko. Era honetako artisaua bera arduratzen zen bere produktuak saltzeaz ere.

Iragan mendeko hirurogeikotik aurrera nekazaritza mekanizatzen hasi zen, eta larruaren artisauek kolpe galanta jaso zuten "mando mekaniko" eta traktoreek ordura arteko zalditeria ordezkatuko zutela ikusten hasi zirenean eta konturatu zirenean beraiek egiten zituzten produktuak ez zutela irtenbiderik izango; ondorioz, larrukigile batzuek bere betiko lana utzi eta beste lanbide batzuetan abiatu behar izen zuten; beste batzuek, ordea, beren ohiko lanbidean jarraitu zuten eta konponketak eta bestelako produktuak –askotan opari gaiak– eginez bilatu behar izan zuten bizibidea.

Prozesu honetan guztian, eskarmentu eta laneko abilezia handiak eskatzen zituen lanbidean ari ziren uhalgile artisau gehienak galdu dira. Larrukigileen etorkizuna ere ez da oso baikorra, gaurko gazteek, arrazoiak arrazoi, ez direlako lanbide honetara bideratzen.