Upelariak

Bizkaiko meategietan, ur-horniketaren lana upelari edo laguntzailearena zen, eta askotan beste zeregin batzuk ere betetzen zituen, besteak beste garbiketa edo enkarguak egitea. Batzuetan, lan hori iritsi berrien esku uzten zuten, baina beterano askok ere langintza horretan bukatzen zuten, ahalmen fisikoak murriztuta gelditzen zitzaizkienean. Meategietako jarduera handienaren garaian, hau da XIX. mende bukaeran eta XX.aren hasieran, upelari kopurua 300dik gorakoa izatera iritsi zen. Janzkera beti nahiko antzekoa izaten zuten, eta  eskalaproi izeneko egurrezko oinetakoak erabiltzen zituzten.

Bizkar gainean eramaten zuten 15 litro inguruko kupel txiki batetik datorkie izena. Upel horiek inguruko iturri eta iturburuetan urez bete eta bizkar gainean lantokietara eramaten zituzten, askotan bide oso estuetan barrena. Uraren jatorriaren arabera, kalitatea oso desberdina izaten zen.

Upelak toki finkoetan jartzen ziren, eta langileak bertara gerturatzen ziren. Upelaren alde batean edo behealdean zegoen zipotza (upela ixteko erabiltzen zen landutako egurrezko zotza) kendu eta honela 8 mm inguruko ur-zorrota lortzen zuten bertatik edateko. Udan batez ere, ilarak oso ohikoak ziren, baita kexak ere upeletako ura berotzen baldin bazen. Ez zen falta ere zipotza kendu eta ura alferrik galtzen zuenik, upelariak bidaia gehiago egin eta langileek ur freskoago eduki ahal izateko.

Gizarte antolaketan upelariek beste funtzio batzuk ere betetzen zituzten, besteak beste meategitik kanpo gertatzen zenari buruzko informatzaile izatea; izan ere, telefonorik ez zegoenez, ia konexio modu bakarra ziren.

Haur upelariaHaur upelaria Bizkaiko meatzaldean XIX. mende bukaeran. (Gallartako Meatzaritzaren Museoa).

1916an laguntzaileek pezeta bana irabazten zuten egunean, kopuru hori 1939an (gerra zibila amaitu eta gero) 6,15 pezetakoa izatera pasa zen 14 eta 16 urte bitartekoen artean, eta 7,20 pezetakoa 16 eta 28 urte bitarteko laguntzaileen artean. Kopuru horri 0,25 gehitu behar zitzaion “normalean meategi barruan lanean aritzen” zirenei.  Baita ere, erabaki zen “18 eta 21 urte bitarteko erdi mailako peoiei, komeni zaien bitartean laguntzaile bezala lan egin nahi izanez gero” eguneko 8 pezeta ordainduko zitzaiela. Konparazio bezala, esan beharra dago garai hartan harri-zulatzaile edo barrenari batek eguneko 10,50 pezeta irabazten zituela.

1975 aldera, meatze enpresa gehienek ikusi zuten askoz ere errentagarriagoa zela langileei ur-botilak banatzea betiko ur-hornidura sistema mantentzea baino. Ondorioz upelaria edo urketari laguntzailearen irudia gainbehera etorri zen, desagertu arte.