Uretaratzea

Ontzia pintatu ondoren, ureztaratu egiten zen, eta hori zen, hain zuzen ere, eraikitze prozesuaren puntu gorena. Horretarako, arotzek kroskoaren inguruko aldamio guztiak desmuntatzen zituzten, eta askotan, baita ontziolako teilapea ere. Ordura arte, kroskoa ondo diseinatua eta eraikia zegoela pentsatzen zen, baina momentu horretan egiten zen benetako eta behin betiko froga.

Ekitaldia ospakizun handia izaten zen. Ontzia ur gainean behar bezala bazebilen, lana ondo eginda zegoen seinale zen, eta denek lasaitu ederra hartzen zuten. Jarraian, armadoreak ontzia eraikitzen aritu ziren langile guztiei afari bat ordaintzen zien.

Iraganean, gure kostaldeko herrietan oso ohikoa zen armadoreek eta arotzek ontziak eraikitzeko kontratuak sinatzea. Ur-bazterreko ontzioletako azken hamarkadetan, kontratua sinatzerakoan, bertan eraiki beharreko ontziaren ezaugarriak, prezioak eta ordainketa baldintzak zehatzen ziren. Gehienetan epetan ordaintzen zen, eta kontratua sinatzerakoan lehen ordainketa egiten zen.

Baxurako arrantzuntzi bat egiteko 4 edo 5 hilabete behar ziren, ontziolako langile guztiak jarduera horretan esklusibo arituz.

1941ean, 16,5 metroko luzera, 7 metroko zabalera eta 3,6 metroko garaiera zuen ontzi bat egiteagatik, Zumaiako ontziolan 36.000 pezeta kobratu zituzten; eta 1974an, 34 metroko luzera, 7 metroko zabalera eta 3,6 metroko garaiera zuen ontzi bat egiteagatik, 3.000.000 pezetako prezioa zehaztu zen.