Gainbehera

1920ko hamarkadatik aurrera, Zumaia aldeko zementu ekoizpena beherantz hasten da.

1922an, Corta y Compañía (Agote); S.A.Cementos Uriarte y Zubimendi (Bedua), Juan Alberdi (La Carmen-Arroa) eta S.A. Cementos de Zumaya eta Electricidad (Chiriboga), enpresek zementu naturak ekoizpena merkaturatzeko batzea erabaki zuten. Helburu horrekin S.A. Cementos de Zumaya sortu zuten, baina kide bakoitzak independentzia mantendu zuen norberaren lantegiaren ekoizpena kudeatzerakoan. Taldera sartu ez zen bakarra Nuestra Señora de los Dolores, Arroakoa izan zen. Hori 1930ean itxi zen 80 urtez lanean jardun ondoren. Lantegi hau Urola beheko zementu naturalaren lantegien aitzindaria izan zen.

Era berean, eta data horretarako, ekoizpenak beherantz joango ziren. Izan ere lau enpresak elkartuta ez zuten 37.659 tona baino egiten. Honek 1915eko ekoizpenarekin alderatuta %27ko beherakada suposatzen du. Eta horixe izan zitekeen elkartzek arrazoi nagusia.

Eginahalak egin arren Zumaiako zementuaren kontsumoa beherantz doa ondorengo urteetan. Alde batetik krisi orokorra dagoelako, eta bestetik, Portland zementuaren konpetentziarengatik. Zementu hori penintsulan egiten baitzen dagoeneko, eta kalitate hobea zuenez, eta batez ere prezioz merkeagoa zenez, zementu naturala merkatutik aterako du hamarkada gutxitan.

Cementos Alberdi S.A.Cementos Alberdi S.A. harrobietako langileak 1950 inguruan.

Ondoko koadroan elkartutako lau enpresek, talde sortu ondorengo hamaika urteetan egindako salmentak zerrendatzen dira, tonatan:

 
Urtea Salmentak Urtea Salmentak
1926 37.659 1927 22.303
1928 22.343 1929 18.140
1930 21.244 1931 30.495
1932 22.303 1933 22.343
1934 18.140 1935 21.244

Joera negatibo hori dela eta, Juan Alberdik, 1933/34an, Portland zementua egiteari ekin zion, eta horrela, bere enpresa kontsumo joera berrietara egokitu zuen.

1936an, Espainian krisi sakona zegoen, salmentak nabarmen jaitsi ziren eta enpresek asteko lana hiru egunetara jaistea erabakitzen dute. Eta uztailaren 1etik aurrera itxi egingo dituzte, “metatutako materiala ustiatzeko beharrezko den langile kopurua utzita eta gure finantza kargei aurre eginez” Handik egun gutxira, gerra zibilaren hasierak egoera guztia aldatu zuen.

Gerra amaitu ondoren, enpresek ezin dute burua altxa. Corta y Cía enpresa Uriarte y Zubimendirekin elkartuko da 1946an. 1949an Cementos Gurruchaga agertzen da Aizarnazabalen zementu naturala ekoizten duen enpresa bezala. Urte gutxi barru, 1954an, bi dira elkartutako enpresak: alde batetik, Juan Alberdi (arrazoi soziala Cementos Alberdi S.A.) baina urte horretan bertan utziko dio zementu naturala egiteari, eta Portland ekoizten espezializatuko da, eta bestetik, Uriarte, Corta y Zubimendi, honek bere Agoteko lantegia 1953-54 inguruan itxiko du eta Beduan duen lantegiarekin geldituko da, eta azken hori 1972an itxiko du, autopista egitean harrobia eta labeen instalazioaren zati bat kendu baitzizkioten.

Aizarnako lignito meategiak itxi egin ziren, hornitzen zituzten lantegiak itxi ahala, eta adibide gisara San Pelayokoa 1953an eta Garestya 1954an aipatu ditzakegu, Alberdik zementu naturala uztean itxi baitziren.

Honela, ehun urtez herrialdean lanpostuak eta aberastasuna sortu zituen lanbide bati amaiera eman zitzaion. Garai haietan, zementu naturalaren gune garrantzitsu bat izan zen, kalitate handia zuelako oso estimatua, eta 1888 eta 1915 artean goia jo zuela ere esan genezake. Baina, apurka-apurka produktu berri batek aurrea hartuko dio, Portland-ak, eta egokitu ez ziren lantegiak edo egokitu ezin zutenak ixtera behartuko ditu. Denak itxiko dira bat izan ezik: Cementos Alberdi. Horrek lantegia Portland-era egokitu eta lanen jarraituko du 1980ko hamarkadaren erdialde arte.

Corta y Cía.Corta y Cía. "Agote" zementu naturaleko fabrikako langileak 1915 inguruan (José Olaizola "Agotek" eskainia).