Usoak

Zenbait hegazti espezieren izen arrunta. Usoa gure hiri eta herrietako hegazti ezagunenetako bat da, eta horietako paisaiaren parte bat. Habiak egiteko oso adar txikiak erabiltzen dituzte, eta arrautzak, bi izaten dira normalean, bikoteak txitatzen ditu. Usakumeak paparoko sekrezio batez elikatzen dituzte. Usoek haziak, fruituak eta gizakiak emandako beste elikagai batzuk jaten dituzte, ogia esaterako.

Oso orientazio zentzumen ona dute, hegazti bizkorrenetakoak dira hegan, 60 km/h inguruko lastertasunera inguratzen baitira, eta ikusmen zorrotza dute halaber. Negua hurbiltzean usoak, samalda eran ongi antolatuta, hegoalderantz abiatzen dira, irailetik azaro erdialdera bitarte, klima beroagoen bila; lau hilabete geroago kontrako norabidean egiten dute bidaia.

Uso itsuak

Uso itsuak prestatzeko pazientzia handia behar da. Lehen-lehenik usategi ona eduki behar da, pagauso eta txoloma batzuk apartatzeko. Chechuk dioen moduan, “uso guztiak ez dira berdinak, batzuek ondo ikasten dute eta beste batzuekin ez da modurik izaten ezer egiteko”. Usoak oso gozo tratatzen dituzte.

(Irudia: Yulen Zabaleta)(Irudia: Yulen Zabaleta)

Behin aukeratu ondoren, usoak fruta-arbolak dauzkan baratze batera eramaten dituzte, herritik urruneko eta zaratarik gabeko batera alegia. Usoari txano bat jartzen diote buruan, ez dezan ikus.

Ehiza

Zinbela gurutze formako tramankulu bat da; horren haga luzeak, beste biren erdian kokatuak, kabila bat dauka, eta horrek gora eta behera eragiten dio, sokatik tira egitean, usoaren pisuak berak bezalaxe. Usoaren hankak uhalez lotzen dira -lehen larruzkoak izaten ziren- orgaderan, azpiko pieza borobilean. Zinbelaren muturreko pieza honek lau zulo dauzka, erdian, uhalak pasatu ahal izateko. Makilaren beste muturrean, paleta esaten zaio, soka doa. Paleta euskarri-makilan oinarritzen da, hain zuzen beti zuzen mantendu eta usoa eror ez dadin.

(Irudia: Yulen Zabaleta)(Irudia: Yulen Zabaleta)

Zinbelariak sokatik tira egitean usoak hegoak zabaltzen ditu, pausatzera balioa bezala, ezen oreka galtzen duelarik hegoak astintzen baititu atzera orekatzearren, eta hori guztia uso talde bat hurbil dagoenean egiten da; horrela, usoak apeura hurbiltzen direnean, inguruan -normalean txabola batean- ezkutuan dauden ehiztariek hegaztiak botatzeko baliatzen dute aukera.

Txabola horiek urtero ateratzen dituzten enkantean, irailean, eta oso ongi prestatuta egoten dira, mahai, estufa eta abarrez hornituta, hain zuzen ere zinbelaria baldintza onetan egon ahal izan dadin. Txabola bakoitzean normalean ehiztari bat baino gehiago izaten da, eta zinbelariak tiro egiteko agindua eman arte itxaron behar izaten dute, denek batera egin dezaten, hau da, inor ez aurreratzeko.

P.D. Isidro Saenz de Urturri historialari eta etnografo arabar ezagunaren laguntza funtsezkoa izan zaigu lan hau idazteko.