Xabier Garate

Erraldoi eta buruhandien fabrikazioan, antzeko beste jarduera batzuetan gertatzen den moduan, berrikuntzak, neurri handi batean, material eta lanabes berriak erabiltzeagatik etorri dira; hauekin batera prozedura berriak erabili beharra ere heldu da, jakina.

Bilakaera honen adibide paradigmatiko bat Xabier Garate Etxarri (Irun, 1960) izan daiteke. Marrazkilari ona izaki, gaztetatik lan ugari egin ditu espezialitate honi loturik, inprentarako batez ere. Kaleko animaziorako elementuak eta antzerkirako mozorroak fabrikatzeak erraldoi eta buruhandiak eta antzekoak egitera eraman zuen, eta horrexetan jarraitzen du duela bi hamarkada baino gehiagoz geroztik, Oiartzunen lehenik eta Irunen ondoren; gaur egun Robert Soto Ramayorekin (1974) elkartuta dago.

Irungo artistak dioenez, oso garrantzitsua da egin behar den figura zehaztea bezeroaren nahiari erantzutearren. Hori dela eta, figuraren ezaugarri behinenak definitu behar izaten dira, eta kasu askotan gainera figuraren historia aztertu. Era berean, jantziak ere ongi definitu behar dira, eta azkenean hau guztia orientazio gisako marrazki batean agertzen da, eskaria egin duenak ikusi eta, ongi iritziz gero, onar dezan.

Xabier Garatek, produkzio prozesuko lehen pauso gisa, zurezko egitura bat egiten du gurutze itxuran –honen altuerak zerikusia du egin beharreko figurarekin–, muturretako bat gabilaz josiz material bereko oinarri borobil batean. Goiko aldean, eramailearen sorbaldetara egokitu behar duen euskarri bat jartzen da, aurretik egina inolaz ere beirazuntzez sendotutako poliester-erretxinaz, “jendeak poliester esaten dion horretaz alegia”.

Ondoren eskulangileak, “Kataluniako buztin gorria” erabiliz, figura modelatzen du zurezko euskarriaren gainean. Lan honexek emango digu amaierako forma (aurpegia, belarriak, etab), eta egilearen sormena nabarmenen ageri den fasea da; egileak, bere aldetik, zaindu egin behar du, bere eskarmentuak erakutsiari jarraiki, buztinak hezetasun maila egokia manten dezan. Ez baitu gogortu behar. Beraz, produkzio prozesua eten behar izanez gero, multzo osoa zapi hezez edo plastikoz estaltzen du.

Xabier GarateXabier Garate berak eginiko erraldoi baten buruarekin (C.U. 04.04.01).

Doña UrrakaDoña Urraka irudikatzen duen erraldoia, Xabier Garatek Nafarroako San Adrianerako egina.

Hurrengo pausoa figuraren gainean beira-zuntzezko geruza finak jartzea da –merkatuan erosten dira–, figuraren gaineko erabateko egokitzapena lortu arte, eta ondoren multzo osoa poliester-erretxinaz igurzten da, brotxak erabiliz kasu honetan ere.

Fraguatu “polimerizatuaren” edo gogortze horren ostean, sei-zortzi bat ordu behar baititu giroaren arabera, kanpoko geruza puskatzen da “zerra fin batez” bi edo hiru zati eginez, figuraren konplexutasunaren arabera, buztinetik “ateraz” –buztina atzera erabiltzen da–, jarraian arreta handiz garbitu eta barnealde osoan desmoldeatzaile koipetsu bat emateko, brotxa bidez, hain zuzen “itsatsi ez dadin”.

Hurrena elkartu egiten dira berriro figuraren zatiak, material bera erabiliz, eta gero kanpoaldea garbitzen eta parafinaz leuntzen da.

Prozesuaren azkeneko fasean figura pintatu egiten da irudikatu behar duen pertsonaiaren ezaugarriekin bat; honetan agertzen du eskulangileak bere sormenaren indarra.

 

Merkaturatzea

Figurak jantzi behar direnean, Isabel Bermúdezen txanda izaten da; honen ahizpa Anak ere jarduten du eginkizun horretan.

Xabier Garatek egiten dituen lan guztiak pieza bakarrak eta enkarguz eginak dira, aurrekontua aurrez betiere, erabiliko diren materialen kostuaren eta lanen konplexutasunaren (behar duen ordu kopuruaren) arabera kalkulatua, honi tarifa bat aplikatzen zaio eta.

Bezero nagusiak udalak eta elkarteak dira, eta, neurri txikiagoan, partikularrak. Informazio pertsonalak, “ahoz ahokoa” alegia, izaten dira bezero posibleen artean jarduera honen berri zabaltzeko modu nagusia.

Erraldoi eta buruhandiakErraldoi eta buruhandiak pirata tripulazio bat irudikatuz. Xabier Garatek Lezorako (Gipuzkoa) eginak.

Xabier Garate eta Robert SotoXabier Garate eta Robert Soto, Irungo beren lantegian lanean (Fernando de la Herak lagatakoa).

buruhandiakHaurrek erraldoi eta buruhandiekin dituzten harremanen ezaugarria erakarpen eta beldur nahasketa bat da. (Noelia Martinezen argazkia).