Prezioak

Euskal Herrian, usadioz, errementariek teknologia ugari menderatzen zituzten, eta horri esker tresna eta lanabes ugari egin zitzaketen. Gehienetan, haien inguruko eskariaren arabera, tresna mota baten fabrikazioan espezializatzen ziren. Horrela, kostaldeko errementariek arrantzarako eta ontzioletarako tresnak egiten zituzten gehienbat; eta industrialde edo mendialdeetakoek, berriz, inguru haietako lanetarako tresnak. Baita ere esan beharra dago, kasu gehienetan herriko eskaria asetzeko bakarrik egiten zutela lana, baina hala ere, batzuetan Euskal Herri osoan tresnak saltzen ibiltzen ziren merkatarien enkarguzko lanak ere egiten zituzten. Industrializazioa kolpe gogorra izan zen errementarientzat.

Atxukarro aizkoragileaAtxukarro aizkoragilea (ezkerrean), Arria eta Keixeta aizkolarien ondoan.

Simon Atxukarrori esker, bere arbasoek egindako lanen truke kobratzen zituzten prezioak jakin izan ditugu. 1930eko martxoaren 6an, Juanito Garbizu aizkolariak bost aizkora jaso zituen lantegian, eta haien truke 69 pezeta ordaindu zituen. Urte hartan bertan aizkora bat 14 pezetaren truke saldu zuten, eta beste aizkora bat “konpondu eta arbastatzeagatik”, 2,50 pezeta. 1938ko uztailaren 5ean, “altzairuzko bi pikotxen” truke 5,50 pezeta kobratu zituzten, eta “aitzur bat konpontzeagatik”, 0,75 pezeta. 1930eko hamarkadan, aizkorek, tamainaren arabera, 8 eta 24,50 pezeta bitartean balio zuten. 1940eko hamarkadan, batez ere ajotu izeneko konponketak egiten zituzten, eta lan bakoitzeko 10 pezeta kobratzen zituzten.

Tresnak zorrozteko instalazioaTresnak zorrozteko instalazioa (batez ere aizkorak). Artisauak hareharrizko gurpilaren gainean eserita egiten zuen lan. (Argazkia Amaia Ros, 96.04).

Patxi AizpuruaPatxi Aizpurua, hareharrizko gurpil baten ondoan. Gurpil hura Igeldoko harrobian egin zen eta seguru asko Errezilgo lantegian erabili zena da. (C.U 96/03).