Lantegia

Lehen esan dugun bezalaxe, Atxukarrotarren lantegia familiaren baserrian zegoen kokatua (Etxeaundi Bekoa), bi eraikin ezberdinetan. Aizkorak egiteko forja edo burdinola baserriaren aurrean zegoen eraikina zen, eta solairu bakarrekoa zen. 60 m2-ko gainazala zuen, eta 3,5 metro inguruko altuera. Kanpoko argia bi ateetatik bakarrik sartzen zen bertan. Barruan adreiluz eta harriz egindako sutegia zegoen, lantegiko harlangaitz-hormara atxikita. Hormaren atzean sua indartzeko haizagailua zegoen. Alde batean ingudea zegoen, egur-puska handi baten gainean kokatuta.

Goiko aldean, teilatua eusten duten bisen gainean, ardatz bat zegoen kokatuta lantegi guztian zehar. Diametro ezberdinetako hainbat txirrika eta larruzko uhalen bitartez, mugimendua haizagailura transmititzen zen ardatz haren bidez.

Tresnak zorrozteko lantegia Errezil ibaiaren ondoan zegoen, 18 m2 ko eraikin batean, presa bati atxikita. Instalazio hori era hidraulikoan eragiten zen, ibaitik desbideratutako uraren indarrari esker. Eraikinaren beheko aldean bi turbina zeuden. Lantegian, hau da, goiko solairuan, hareharri naturalezko gurpil bat zegoen. Gurpil hark 1,20 metroko diametroa eta 15 zentimetroko zabalera zuen, eta ardatz horizontal baten gainean jarrita zegoen, egurrezko lurrean finkatutako terrailen gainean. Presatik desbideratutako urak, bi metroko jauzia egin ondoren, turbinak jotzen zituen, eta horiek zuten ardatz bertikalean birarazten zituen.

Turbina batek mugimendua harearrizko gurpilera helarazten zuen, ardatzaren goiko aldean zegoen txirrika eta larruzko uhal baten bitartez. Langilea harriaren gainean esertzen zen egurrezko eserleku batean, hankak gurpilaren bi aldetara jarrita. Eserleku horrek altuera erregulagarria zen. Horrela eserita zegoela, aizkora bi eskuekin heldu eta harriaren gainazalaren kontra estutzen zuen, horrela tresna hura behar bezala arbastatu eta zorrozteko.

Halaber, lantegian beste ardatz bat ere bazegoen, hau ere turbina, txirrika eta larruzko uhalen bitartez eragiten zena. Ardatz horren gainean egurrezko txirrika bat jartzen zen, eta txirrika hari hauts urratzaile fina kolatzen zitzaion. Txirrika horrekin aizkorak fintzeaz gain, tresnei distira ere ateratzen zen.

Beste turbinak, larruzko uhal txiki baten bitartez, alternadore txiki bati eragiten zion, etxerako energia elektrikoa sortzeko.

Instalazio osoa ikusita; hau da, sutegia, ingudea eta hidraulikoki eragindako bi gurpilak, garai batean Euskal Herrian forja edo errementeriak nolakoak ziren imajinatu dezakegu. Horrelako lantegiak oso ugariak eta ohikoak izan ziren gutxienez XVI. mendetik XIX. mende bukaera arte. Bertan, burdina eraldatzen zen, eta errekasto txikietako uraren energiari esker, lana errazten zen.

LantegiaEzkerreko eraikinean Errezil ibaiko ura (presak jasotakoa) jasotzen zuen turbina zegoen, baita tresnak zorrozteko makina ere. Eskuinean lantegia ageria da, eta erdian San Migel Bekoa ermita (Argazkia Amaia Ros 04.96).

Turbinaren eraikinaJulen Zabaletak hala ikusi zuen turbinaren eraikina, baita presa eta turbina gainera erortzen zen ura pasarazten zuen burdin hesia.

Turbina eta energia-transmisio sistemaTurbina eta energia-transmisio sistema (marrazkia Julen Zabaleta, 04.96).

Deskribatu berri dugun lantegiaren antzekoak izan behar zuten armagin nahiz kanoigileen lantegiak. Bertan, arma arinen kanoiak forjatu, zulatu eta harriz lantzen ziren. Horretarako, zulatzeko teknikak eta energia hidrauliko bidez eragindako hareharrizko gurpilak erabiltzen ziren. Tolosa eta Arrasate aldeko labana eta arma zuri lantegiak ere antzekoak omen ziren.

Aipatu berri ditugun lantegi horiek ez dute gaur egun arte biziraun, baina erreferentzia asko topatu ditugu dokumentuetan.

Laiak eta bestelako tresnak forjatzeko lantegiaLaiak eta bestelako tresnak forjatzeko lantegia, bigarren solairuan kokatuta zegoena. Bertan transmisio-sistema, sutegia eta ingudea ikus daitezke. (Marrazkia Julen Zabaleta 04.96).

Tresnak zorrozteko lantegiakTresnak zorrozteko lantegiak lan-sistema oso berezia zeukan. (Marrazkia Julen Zabaleta 04.96).

Transmisio-sistemaTurbina bere ardatza eta guzti (Argazkia Amaia Ros 96.04) - Transmisio-sistema (Julen Zabaleta, 04.96.)