XV eta XIX. mende arteko baserrigileak

Alberto Santanak, bere Baserria(1) lan bikainean, Euskal Herriko landetxeak nola sortu ziren argi azaltzen digu, baita XV eta XIX. mende arteko baserrigileek nola lan egiten zuten ere. Historialari aditu horren arabera, “Gipuzkoako baserri guztiak ugazabek kontratatutako arotz-maisu eta hargin profesional ziren gizonek eraiki zituzten, betiere ofizial eta morroi koadrila baten laguntzaz”. Horrez gain dio “baserriaren jabe edo ugazabak eraikinaren ezaugarri orokorrak eta inbertitu nahi zuen diru kopurua adosten zituen arotz-maisu eta harginarekin. Horrez gain, askotan ugazabak bere idi-parea erabiltzen zuen obraraino beharrezko harria, egurra edo karea eramateko.

Lan-sistema hori XVI. mende osoan eta XVII. mendeko zati batean erabili zen. Arotz-maisu eta hargina izaten zen, beraz, eraikina proiektatu eta eraikitzen zuena. Hala ere, 1650 aldera, beste espezialista batzuk hasi ziren eraikinaren proiektua egiten, eta obra, berriz, bi langile ezberdinek egiten zuten: arotzek eta harginek.

Maisuek, ugazabaren beharren arabera, diseinu ezberdinak egiten zituzten, baina hala ere, baserri guztien diseinuan antzeko irizpideak erabiltzen zituzten.

Zutabeak, solairuak eta teilatua, hau da, eraikinaren barne-egitura, egurrez egiten zen. Horretarako, arotzek bertan erabili beharreko zuhaitzak aukeratu, erosi eta moztu behar izaten zituzten (gehienetan inguruko mendietan), edo bestela, ugazabak berak jartzen zituen zuhaitzak, ondo zerratu eta zeioz landu ondoren, habe edo ohol bihurtzen zituzten, eta jarraian beren lekuan ahokatzen zituzten.

Baita ere beharrezkoa izaten zen inguruko lekuren batetik harri kopuru handia ateratzea. Gehienetan esku-erremintak bakarrik erabiltzen ziren harria erauzteko, gero harri hori obraraino eramaten zen, eta han behar zen lekuan jartzen zuten. Halaber, kare kopuru handia ere behar izaten zen (horretarako material egokiak eta bereziki prestatutako labeak erabiltzen ziren). Kareorearekin (karea, hondarra eta ura), baserria egiteko erabiltzen ziren harriak lotzen ziren.

Errementariak baserria egiteko beharrezkoak ziren iltze nahiz burdineria eskuz lantzen zituen. Horrez gain, beste espezialista batek 6.000 edo 7.000 teila egosi behar izaten zituen labe berezi batean. Alberto Santanaren arabera, hori guztia kontutan hartuta,“Askoz ere garbiagoa izango dugu, Gipuzkoako baserrien lehen belaunaldia egiteko behar izan zen eskulana izugarria izan zela".

BaserriEuskal Herriko usadiozko baserria. (Kutxa fototeka).

Idazle beraren arabera, artisau horiei kalitate handia eskatzen zitzaien lanean, eta garai hartako baliabideak nolakoak ziren jakinda, baserriak eraikitzea oso prozesu zaila izan behar zen. Lana ondo egiteko, artisauek beren lanbidea ondo menderatu behar zuten. Hori hala zela argi eta garbi dago, gaur egun oraindik zutik dauden baserriak ikusita.

Ikastaldia eskarmentu handiko lan-maisuekin egiten zuten. Eraikuntza-teknikak eta hasierako baserri ereduari gehitu zitzaizkion arkitektura-estiloak elizak eta bestelako eraikin nobleak eraikitzerakoan ikasten zituzten.

Baserriak eraikitzeko kontratuak, XVII. mende erdialdera arte, ahozkoak izaten ziren, eta handik aurrera eskribauaren aurrean egiten hasi ziren. Baserri bat eraikitzeko ia bi urte eta erdi behar izaten ziren, eta nahiko gastu handia izaten zen ugazabarentzat. Ordainketa hiru atal berdinetan banatzen zen. Lehenengoa lanak hasten zirenean egiten zen; bigarrena, teilatua jartzean; hirugarrena, berriz, ahalik eta gehien atzeratzen zen, eta ohikoa zen jenerotan ordaintzea (aletan edo animalietan).

XVIII. mende bukaeran baserri handien proiektuak egiten zituzten arkitekto tituludunak azaldu ziren. Gipuzkoako azken baserriak XIX. mende bukaeran eraiki ziren.

 

(1) Baserria. Alberto Santana. Bertan nº 4. Diputación Foral de Gipuzkoa. Departamento Cultura y Turismo. 1993