XVIII. mende bukaerako lantegi aurreratuak

Grabatua

Grabatuak, seguru asko XVIII. mendeko lantegirik aurreratuenetako bat aurkezten digu. Frantziako labana eta bizar-xafla lantegi bat da, lehen ezan dugun bezalaxe, XVIII. mende bukaerakoa.

Ezkerrean sutegi bat ikus daiteke, suburu handi batekin. Suari haizea emateko bi hauspoak sabaian zintzilik daude. Langile batek, soka bat tira eginez, hauspo bati eragiten dio.

Langile horren aurrez aurre, beste langile batek, amantal luze bat duela, pieza bat ingude gainean jarrita dauka, eta mailuz hori lantzen ari da.

Atzean beste sutegi bat dago, hau ere bere suburuarekin.

Erdialdean, atzean, hainbat langilek piezak karrakatzen dituzte, horiek tornuziletan helduta. Denak leihate handi baten aurrean ari dira lanean, horrela kanpoko argiak zuzenean piezetan jo dezan. Lehen planoan, lau gizon bi gurpil biratzen ari dira. Gurpil horiek, uhalen bitartez, mugimendua eskuineko poleei helarazten diete. Polea horien aurrean lau leuntzaile daude, piezak zorrozten edo distira ateratzen.

Garai hartan, oraindik ez zen lurrun-makina erabiltzen manufaktura industrietako aplikazioetan. Hori zela eta, horrelako lantegietako energia-iturri mota bakarrak hidraulikoa eta pertsona edo animaliek sortutakoa ziren.

Tarteko oinean, bi langile piezak zorrozteko erabiltzen diren egurrezko edo trapuzko diskoak gordetzen ari dira. Leuntzaile bakoitzaren aurrean ohol bertikal batzuk daude, piezak zorrozten sortzen zen hauts metalikoa jasotzeko erabiltzen zirenak. Aipatzekoa da leuntzaileek ere leihate handien aurrean ari direla lanean, horrela behar duten argia izateko. Garai hartako argiztapen-sistemak nahiko eskasak zirenez, leihateen aurrean egin behar izaten zuten lan, horrela eguzkiaren argia zuzenean jasotzeko. Euskal Herriko lantegietan, duela gutxi arte, langile askok leihate aurrean egiten zuten lan, batez ere zehaztasun handia, eta ondorioz, argitasun handia behar zuten lanak egiteko: besteak beste doitzaileek, trokelgileek eta leuntzaileek. Armagintza industrian ere nahiko ohikoa zen horrela lan egitea.

 

  • Juan Garmendia Larrañaga. Gremios, Oficios y Cofradías en el País Vasco. C.A.P. 1979. (4) Atlas etnográfico de Vasconia. La alimentación doméstica. Etniker Euskalerria.
  • Atlas etnográfico de Vasconia. La alimentación doméstica. Etniker Euskalerria.