Zaharberritze prozesua

Erlojuak zaharberritzeko eskaera gehienbat inguruko eta beste leku batzuetako bildumazaleek egiten dute, batez ere Elizak eta herri administrazioak, horiek kultura ondare handiaren titularrak direlako; ondare horretan aipagarriak dira dorre erlojuak. Apainketarako erabili ohi diren pieza baliotsuen jabeek ere eskatzen dute gure erlojugilearen laguntza.

Era berean, gogorarazi behar da zaharberritzearen ezaugarri nagusienetakoak bere konplexutasuna eta zaharberritzaileen erantzukizuna dire-la; lan bat behar bezala ez egiteak ondorio larriak ekar ditzake, batez ere ondasun ordezkaezinak berreskuratu behar direnean edo piezak munduan bakarrak direnean edota balio historiko eta/edo kultural handia dutenean.

Azpimarratu beharrekoa da, orobat, zaharberritzerakoan artisau lana egin behar dela batez ere erlojuari bere jatorrizko itxura eman ahal izateko. Ahal denean erlojua egin zen garaiko piezak erabiltzen dira, baina gaur egun eskura dauden baliabideekin, behar diren piezak egin daitezke. Horrela egiten denean esaera zaharrak dioena betetzen da: "baliabideak zenbat eta hobe, emaitzak ere halakoxe".

Prozesuaren lehen urratsa pieza ondo aztertzea izaten da, eta ondoren xehetasunetara jotzen da. Hala, zaharberritzaileak bere historia ezagupenak, bi artearen estetikaz bai ordena tekniko eta teknologikoaz dituenak, aplikatuz erlojua eremu geografiko batean (jatorrizko herrialdea) eta denbora jakin batean (mendea edota batzuetan hamarkada ere bai) kokatzen du. Modu berean, zaharberritu beharreko erlojuari, konponketaren batean edo, pieza berririk gehitu dioten ikusiko du.

Azterketa horren ondoren, tramankulua desmuntatzeari ekingo dio, osagai guztiak banan bana aztertuz, materialak higadurarik edota nekerik izan duen arakatuz eta bere esku hartzearen nondik norakoa erabakiz. Horrekin guztiarekin, behin eta azterketa sakonera eraman ondoren, bere lana zenbatekoa izango den kalkulatzen du, kontuan izan behar baita beti egon daitekeela "akts ezkutu"ren bat, lehen begiratuan atzematen ez dena.

Juan Cruz Gutierrez

Erloju-zaharberritzailea

Bezeroak aurrekontua onartzen badu, mekanismoa zaharberritzera jotzen du. Lehenbizi garbitu egiten du, inolako aldaketarik egin gabe, hau da, garbitu baino ez, pieza lizatu, limatu eta arraskatu gabe. Garai batean piezei merkuriozko urreztatze tratamendu ematen zitzaion, bada, holako piezak modu oldarkorrean tratatzen badira, metal garbitzaile huts batekin izanda ere, piezaren urre kolorea galdu daiteke.

Kasu konkretu honetan oso emaitza onak lortzen dira gaur egun merkatuan dauden likidoekin garbituz, adibidez, berariaz horretarako prestatzen direnekin. Horiek funtsean honako produktuak proportzio zehatzetan nahastuz prestatzen dituzte: amoniakoa, xaboi neutroa, ura eta azido oleikoa. Oso garrantzitsua da material bakoitza berari dagozkion produktuekin garbitzea.

Juan Cruzek adierazi digunez, merkurioz urreztatu diren edo letoizko piezak garbitzen direnean, horiek likidotan sartuta egon behar direla, zeren bestela piezari darizkion lurrunak, airearekin nahastuz, herdoildu egiten du garbitu beharreko materiala, eta hori lortu nahi den garbitasunaren kalterako izan ohi da. Pieza horrela garbitu ondoren uretan pasatzen da behin eta berriro, gar-biketan erabilitako produktuak ondo kentzeko; ondoren pieza lehortu egin behar da. Garbiketa lan hau ezin da inolaz ere egin lurrunketa bidez, eta tenperaturak betiere 50 gradutik beherakoa izan behar du.

Mekanismoa jadanik garbituta, hori ikuskatzeari ekiten zaio; besteak beste, erabileraren higadurarik duen ala ez (gurpilak, horien errodaje zentroak.) aztertzen da, edota arrazoi naturalengatik (ura, istripuak.) lehendik egin zaizkion konponketetan jarritako piezak egokiak diren ikustea.

Zaharberritze lanean aurrera joz, beharko balira, besteak beste, errodaje zentro berriak egiten dira, errodaje ardatzen gontzak arteztu, palankak doitu, eta abar. Horrek guztiak zehaztasun handiko lana eskatzen du, lan horren baitan baitago, hein handi batean, esku hartzearen azken emaitza. Lana oker eginez gero, mekanismoa ez da behar bezala ibiliko eta errodaje trena indarra galduz joan da eta mekanismoa gelditu egingo da, batez ere kontuan izanik erloju baten gurpilen trenak efektu biderkatzailea duela. Lehen gurpil higiarazleak ematen dio indarra gainontzeko makineriari, pieza batzuen itzulikatze abiadura eta biraketa kopurua biderkatuz eta beste batzuena gutxituz. Horregatik, funtsezkoa da indar higiarazle horretan inolako galerarik ez edukitzea.

Zaharberritzaileak dioenez, profesionaltasun gutxiz egindako konpon-ketetan sarri gertatzen da indar higiarazlea (pisuen pisua) areagotzea, erlojua abian jartzeko behar den indar higiarazlea mantentzeko, eta horrek kalte larriak ekar ditzake batzuetan gainera konpon ezinak gur-pilen trenera.

Lan horiek xehetasun handienarekin egin ondoren, muntatu, koipez-tatu eta funtzionamendua egiaztatzera jotzen da.