Zaharberritzea

Diru baldintzatzaileak

Ia eraikin monumental eta historiko guztien zaharberritzeak diru publikoz finantzatzen dira, dela zuzeneko esleipenez dela lehiaketa bidez, aurrekontuak kopuru jakin batzuetara iristen direnean. Hori horrela izateak ezaugarri berezi batzuk ematen dizkie zaharberritzaileei.

Gehien-gehienetan, ondare historiko-artistikoa kontserbatzeko eta zaharberritzeko egokitzen diren aurrekontu sailak ez dira nahikoa izaten premiarik larrienei aurre egiteko ere; ondorioz, lehiaketetara aurkezten diren enpresa eta profesionalak behartuta daude beren eskaintzak ezarritako epeetara eta eskuragarri dauden baliabide ekonomikoetara egokitzera. Hori dela eta, zaharberritu behar dena ikusi hutsaz hasi behar izaten dute askotan beren lana, beste inolako analisi eta probarik egin gabe, alegia.

Zaharberritzaileak laneanZaharberritzaileak lanean. (Petra, SKoop-ek utzitakoa).

 

Lanak

Edozein zaharberritze lanek, ekiten hasi aurretik, zaharberrituko den eraikinaren historia eta egoera fisiko eta estetikoa ezagutzea eta baloratzea eskatzen du. Horretarako, iturri idatzietan ikertu behar da eta eraikina jaso zenean erabiltzen ziren metodo eta teknikak ezagutu behar dira. Garrantzitsua da, halaber, urteetan zehar izan dituen erabilerak aztertzea, edota, kasua bada, eraikinak izan dituen erabilera mota guztiak ikertzea. Horrekin bat, kontserbatu beharreko ondasunaren egungo egoera ere aztertu behar da, eta jasan dituen kalteak zerk eragin dituen ohartarazi behar da idatziz eta argazki, plano eta grafikoekin.

Dauden aukera guztiak aztertu ondoren, zaharberritzaileak eskuragarri jarriko duen informazio horrek guztiak eskuartze komenigarriena izango denaren oinarrizko irizpideak finkatzeko aukera eman behar du, baita lanak gauzatzeko epeak zehazteko ere. Nahiz eta prestakuntza horiek guztiak zorroztasunik handienaz egin, beti gerta daiteke ustekaberen bat materialak uste baino hondatuago daudelako. Holakoak gertatzen direnean, tratamendua aldatu behar izaten da sarri, gastuak gehitu egiten dira eta lanak amaitzeko epea luzatu.

Eraikinak zaharberritzean ohiz gehien erabiltzen diren tratamendu eta materialetan honakoak dira aipagarri:

  • Gaineko zikina kentzea era mekanikoan.
  • Gatzak erauztea.
  • Eraso biologikoei aurre egitea.
  • Euskarria finkatzea eta sendotzea.
  • Baliabide hezeak erabiliz garbitzea; horretarako paper ore neutrozko paletakadak jartzen dira produktu kimikoren batekin nahastuta, zarakar beltza disolbatzeko.
  • Garbiketa lehorra: urratzaileak jaurtitzen dira presio txikian, eta jaurtitzen den kargaren gogortasuna txikiago izaten da tratatu beharreko harriarena baino, adibidez, aluminio oxidoa, aluminio silikatoa, apar harria, beirazko mikroesferak, apur begetalak (intxaur edo hur oskolak), wishab goma.
  • Laser garbiketa, zarakar beltza eta karesneak kentzeko.
  • Kare eta hareaz egindako morteroak jartzea.
  • Berezko kolorea ematea karesne arinekin eta margo natural egonkorrekin.
  • Erretxin akriliko edo hidrofugoz babestea.

Eta honakoak dira zaharberritzaileek erabiltzen dituzten erreminta eta material aipagarrienak: eskalpeloak, bisturiak, txispoiak, eskuilak, zizelak, mikrozizel pneumatikoak, mailuak, bibropikogailuak, mikrourraduren neurgailuak konpresore pneumatikoen bidez produktu urratzailea jaurtitzen dituztenak manometroekin kontrolatutako presio baxuetan, laser izpiak, ontziak, belakiak, kare biziak, ur kareak, hareak, koloretako marmol hautsak, pasta-ontziak, galbaheak, xiringak, probetak, inbutuak, ur hodi malguak, hodi malgu kizkurrak, estalkiak, kotoia, fokuak, erregeletak, luzagailu elektrikoak, pintzelak, akuarelak, pigmentuak.

Guillermo Unzetabarrenetxeak honela deskribatzen du (“La carcoma y las abejas”, Akobe 2. alea) zaharberritzaileen lana: Zaharberritzekoa den eraikinaren oinetan aldamioak jasotzen hasten dira. Horiek laster batean betetzen dira konpresore, produktu kimikoen bidoi, piketa eta bisturiz, prezisio handiko tresneria optikoz eta igeltseroen galgaz, gomazko eskuzorroen kaxa eta kaxaz, pintzelez eta esponjaz. Aldamioak gainezka, kotoi kilometroak eta kilometroak eta ez dakit zeren zakuak, fokuak eta luzagailu elektrikoak, karpetak, paperak, boligrafoak, eta abar. Eta astrapalada hori guztia lanean hasteko premia-premiazkoa baino ez da izaten.

Mendeen joan-etorriak oraindik erauntsi ez duenari begirune osoa gordez lan egiten dute. Beren xedea higadurak suntsitu ez duena azaleratzea da, ez ordezkatzea edo pintura geruza berriz berriro estaltzea. Aurkari eta denborak pazientzia amaigabez pilatutako hauts geruzak kentzen dituzte denboraren pazientzia berberaz; katedralei eusten dizkioten oinarrien irmotasun berberaz lan egiten dute; beren eskuak kolibrien hegoak bezala hegaldatzen dira, hego ertzetan pintzelak edo eskalpeloak balituzte bezala; pintura lardaskak mikraz mikra ari dira kentzen, eta kentzen ari dira onddo kriminalak, detritus korrosiboak, zomorro nazkagarriak, kedar opakoak. Ez dakienarentzat harrigarria egiten da jarduera eromenezko baina ia geldi hori. Jo eta su pipiaren kontra, doktore jakintzaren jabe, maitaleen samurtasunez, penitenteen jarreraz. Baina liluragarriena da, kirurgialariaren zehaztasunaz eta artistaren gustuaz mugitzen diren esku horiek, beren zerbitzura jarritako metal tona eta makineriaz osatutako katearen azken maila direla jakitea. Gizatiarra, “ederra, sinbolikoa”.