Zaharberritzea, zailtasun handiko lanbidea

Paperean edo pergaminoan idatzitako liburu edo agiriak zaharberritzeko lanbideak eskatzen dituen ezagupen, jarrera eta eskarmentuak bereziki zailtzen dute lanbide hau ondo menderatzea. Hori horrela izatearen eta eskaria hein handi batean Herri Administrazioari lotutakoa izatearen ondorioz, Euskal Herrian espezialisten kopurua oso txikia da. Antxon Agirre Sorondok dioenez (Euskonews-Artisautza 2004/04/02-23), hamar inguru dira gure herrian lanbide horretan ari direnak.

Beste lanbide batzuetan gertatzen den bezala, liburu eta agirien zaharberritzailea izateko ere bokazioa edo berezko jarrera behar da. Baina, agian, lan honetarako ezagupen zientifiko handiak behar izateak, batez ere kimikakoak, lanbide hau beste eskulanbide askok duten izaera orokorretik bereizi egiten du. Horixe da hain zuzen lanbide honetan espezializatutako asko goi mailako tituludunak izatearen arrazoia.

Aurrean esandakoari, gainera, bista ona eta pazientzia handia gehitu behar zaizkio, funtsezkoak direlako “lan honek eskatzen duen moteltasuna” eta jarduera honetan gertatzen diren “denbora hilak” gainditzeko. Eskulanerako abilezia eta zuhurtzia ere premiazkoak dira zeregin honetan.

Oinarrizko prestakuntza eta espezializatze ikastaroak, batez ere Italian eta beste zenbait herrialdeetan egiten direnak, oso beharrezkoak badira ere prestakuntzaren hasieran, premiazkoa da maisu baten babesa. Behin fase hori gainditu delarik, lan bakoitzak eskarmentu eta ezagupen berriak ematen ditu.

Lanbidea berez ez denez berariaz sorkuntzakoa eta publikoari begira ere eragin handirik ez duenez, ez da izatez oso ezaguna izaten bere ingurutik kanpo.

Prozesua