Langileak

Garai hartako teknologiak erabiliz aipatu den eran egindako artikuluak eskuratzeko ez ziren beharrezkoak langile kualifikatuak. Ekoizpen saileko langile gehienak emakumeak ziren, trebetasun handiagoa zutenez ongi egokitzen ziren eskulanetara eta material eta pieza oso txiki eta arinekin lan egitera. Askotan 14 edo  15 urterekin hasten ziren lanean, garai horietan oso arrunta baitzen hori.  Akabatu lanetan 1047an hamahiru emakume ari ziren, hilea zapiekin estaltzen zuten, giroan sortzen zen hautsa ekiditeko, eta garai berean, 4 emakume ari ziren prentsa sailean. Ez zegoen lan jakinik egiteko espezializaziorik, eta maiz, aldatzen zuten lanpostua, ekoizpen beharren arabera.

Lana erraza zen eta askotan garbia ere bai, eta bere arropa erabiltzen zuten, gainetik mantala jarrita. Mantal hori astebururo garbitzen zuten. Gizonen bat sail horietako batean lanean hasten bazen emakumeek egiten zituzten lan berdinak egiten zituen.

Dena den, moldeak, txantiloiak eta antzeko tresna zehatzak egiteko eta konpontzeko tailer mekanikoko langileak, guztiak gizonezkoak ziren, baita biltegi-zaindaria ere. 1947an  65 langileko lantaldean, 61 emakumeak ziren eta 4 gizonezkoak.

Lan ordutegia 1930etik aurrera 8:00etatik 12:00etara eta 13:30etik 17:30era zen, urteko egun guztietan, igande eta jaiegunetan izan ezik. Ez zen inolako oporrik izaten, baina herriko zenbait jai ospatzen ziren. Horrela, San Antonio eguneko (ekainak 13) arratsaldean bi ordu lehenago ateratzen ziren Sasiolako erromeriara oinez joan ahal izateko, Debatik 4 kilometrora baitago; eta San Juan egunean (ekainak 24) lanaldia 16:30ean amaitzen zen, eta langile talde bat ondoko Santa Katalina ermitako erromeriara joaten ziren. Beste zenbait egunetan, adibidez Ostegun Gizenean, jarduera ordubete lehenago eteten zen eta langile guztiak galdara-gelan biltzen ziren askaria epelean egiteko. Inoiz enpresariaren urteurrena ere ospatu zuten askari batekin eta gramofono bat erabiliz dantzaldia eginez, lanaldia amaitu eta gero. Jai eguna zen abenduaren 26a, San Esteban, Alemaniako jaieguna. 1940tik aurrera 8:00etatik 12:30era eta 14:00etatik 17:30era lan egiten zen, eta jarraian aparteko bi ordu sartzen ziren.

Ez zen inolako prima edo destajurik, soldata hamabost egunero kobratzen zen, eta horrexegatik "hamabosterokoa" izenez ere ezagutzen zen. Ordainketa dirutan egiten zen, gutunazaletan langile bakoitzaren izena jarrita. Eta dirua Eibarko banketxe batetik ekartzen zuen langile batek trenez.

Ez zegoen lanean hitz egiteko baimenik, eta pezeta bateko isuna ere jarri zuten horregatik, baina abesteko baimena bazuten, eta langileek taldean eta maiz abesten zuten. Enpresaren kultura artikuluak ondo amaitzea zen, nahiz eta horrek ekoizpen bolumenari eragin.

Lanaldiaren hasiera eta amaiera eraikinaren barnean zegoen erloju baten bidez adierazten zen. Langileentzat derrigorrezkoa zen haserako ordurako mantala jantzita eta lanpostuan egotea. Une horretan enpresariak polea eta uhal transmisio sistemari martxa emanez jardueraren hasiera adierazten zuen.

Enpresaren hasierako urteetatik Industria Kimiketako Langileen Aurreikuspen Sozialerako Montepioari, Amatasun Aseguruaren Derrigorrezko Erregimenari eta Langileen Erretiroari kotizatzen zitzaion.

Lente-eustoineiLente-eustoinei forma zehatza emateko txantiloi baten kontra estutzen zituzten. (Julen Zabaletaren marrazkia).

 

Berri-emaile nagusiak

  • Ilse Reiner Müller
  • Angel Perez Bustero
  • Carmen Riesgo Oñederra
  • Coro Riesgo Oñederra
  • Conchita Larrinaga