Zentroak

Gaur egun ikerkuntza eta esperimentaziorako modeloak erabiltzen dituzten zentroak bi motatakoak dira:

  • Esperientzia hidrodinamikoetarako kanalak.
  • Modelo tripulatuekin maniobrak egiteko instalazioak.

Esperientzietarako kanal edo ubideetan luzerako ur-andel bat edo batzuk izan ohi dituzte, eta hauen gainean modeloak lotzen zaizkien orga batzuk mugitzen dira. Horietan hainbat proba egiten dira diseinatutako ontziez, ondoren ekidatu edo eraberritzearren.

Eskalan egindako modeloak erabiliz, kanalean ontzi-kroskoen aldagai batzuk aztertzen dira, edo propultsatzaileenak, esate baterako marruskadura hidrodinamikoa, eragiten diren olatuak, lastertasuna, kabitazioa, etab., hauen guztien eta kalkulu teorikoen bat etortzearekin batera. Beraz, ontzi injinerutzaren aplikazio esperimentalak dira, ontzien eraikuntzara begirakoak.

Modeloak ez dira osoak izaten, eta kroskora mugatzen dira (gainegiturarik gabe); honetaz gain, esperientzietarako kanaleko organ finkatzeko hainbat lotura-puntu dauzkate. Egiteko erabiltzen diren materialak parafina, zura edo PVC izan ohi dira.

Port RevelPort Revelen modelo tripulatuez maniobrak egiteko dagoen instalazioa (Rafael Sopeñak utzia).

Kanalen artean Madrildik hurbil dagoen El Pardoko Esperientzia Hidrodinamikoetarako Kanala dugu; 1930az geroztik ari da lanean.

Modeloekin maniobrak egiteko instalazioei dagokienez, hauek aintzira edo laku txiki bat behar izaten dute; honetan portu instalazioak eraikitzen dituzte, eskalan noski, kanal, kai, ainguratoki eta abarrez. Uraren sakonera oso aldagai garrantzitsua denez, lakuaren maila mantendu egin behar da. Horretarako, ibai bateko edo kanpo-deposituetako ura erabiltzen da.

Erabiltzen diren modeloak, normalean, 1/25 eskalan eginak dira; konparazioa, 300 m luze, 50 m errun eta 25 m zingoko petroliontzi baten kasuan, 12 x 2 x 1 m-ko modelo bat aterako litzaiguke.

Modelo hauek eraikitzeko kroskoaren formak mantentzen dira, baina gainegituren kasuan ez da derrigorra kopia akats gabea egitea, nahikoa da eta haizearekin duen portaera benetako itsasontziak duenaren berdina izatea.

Modelo hauen tripulazioan maniobragilea eta makina-telegrafoa eta lema maneiatzen dituen laguntzaile bat izaten dira, zeren eta modelo hauek propultsio, gobernu eta ainguratze sistemak baitituzte, simulatzen dituzten ontziek dituztenekiko proportzionalak. Propultsioa bateria-sortek ematen duten energiari esker lortzen da. Zentroren batean posible da, gainera, atoiontziak ere erabiltzea (hauek, besteak bezala, eskalan egindako modeloak dira).

Port RevelPort Revelen modelo tripulatuez maniobrak egiteko dagoen instalazioa (Rafael Sopeñak utzia).

Ontziak kokatzeko eta maniobren erregistrorako sistema sofistikatu eta zehatzak ere izaten dira. Hauei esker, maniobrak eta hauen aldagaiak modu grafiko eta zenbakizkoan azter ditzakete, egin ostean.

Horrelako instalazioak dauzkaten zentroek, ontziek itsaso zein portu eremuetako inguru berrietan izan ditzaketen erreakzioak esperimentatzeko eta ikertzeko erabiltzen dituzte, baina batez ere maniobra-ikastaroak antolatzeko, ontzi-kapitain eta portu-gidariei begira, eskalari esker funtsean, ezen honetaz baliaturik posible da ontzietan, bere neurri handiak direla eta, antzematen zailak diren eragin eta ondorioak ikustea, are maniobrak egitea eta errepikatzea ere inolako arriskurik gabe.

Era honetako lehenbiziko zentroa Port Revel-goa izan zen, Grenobletik (Frantzia) 50 bat km-ra. Hau 1966an hasi zen lanean. Geroago, 1979an, Warsash-ekoa egin zuten, Ingalaterrako Southamptongo Unibertsitatearen mendean, eta gaur egun, bi horiez gain, bada Polonian beste bat.