Zerrenda-arduradunak

Zerrenda-arduraduna nolabait pertsonal buruaren aurrekotzat jo daiteke. Horren zeregin nagusia langileek lanean egiten zituzten ordu kopuruak eta egindako lana kontrolatzea zen. Batzuetan, zerrenda-arduradunaren kontua izaten zen diziplina erregimena jartzea ere. Zerrenda-arduraduna arduratzen zen, berebat, langileen diru sarrerak zaintzeaz eta horiek atal batetik bestera aldatzeaz. Zerrenda-arduradunak zuzendaritzaren konfiantza osoko langileak izan ohi ziren, nahiz eta batzuetan kanpoko jendea kontratatu eginkizun horretarako. Nolanahi ere, garaian garaiko arau eta ohiturak zorroztasunez betetzeko eskatzen zitzaien.

Zerrenda-arduradunaren lehen eginkizuna atezaindegira joatea zen, sartze orduan berandu zebiltzan langileek jaso gabe utzitako plaken zenbakiak hartu eta horiek berandutzea zuritzen (gaixotasunen bat, trena berandu heltzea...) ez bazuten zigorra jartzera. Laneko orri edo bonoak 1950etik 1955era bitarte hedatu ziren, eta kasu batzuetan bi hamarkada lehenagotik hasi baziren ere, horiek abian jartzeak zailtasun handiak izan zituen, langileek arazo handiak izaten zituztelako orriak betetzeko. Nolanahi ere, Orri horiek zabaldu baino lehen, zerrenda-arduradunek prima edo honenbestekora lan egiten zuten langileen lanpostu guztietara joaten ziren banan bana, aurreko egunean egindako piezak kontatzera. Kopuru horren arabera kalkulatzen zen langile horien soldata, eta horretarako pieza guztiak kontatu, pisatu eta neurtu behar izaten zuten. Langileek sarri pikarokeriak erabiltzen zituzten soldata gehiago lortzeko.

Langileek lanean egiten zituzten orduak kontrolatuz eta honenbestekora lan egiten zutenen primak kalkulatuz, zerrenda-arduradunek informazio garrantzitsua ematen zieten nominak egin behar zituztenei.

Gipuzkoako eskualde industrializatuetako langile-eskari izugarriak, batez ere 1960tik aurrera gertatu zenak, trenez eta autobusez etortzen ziren emigrante kopuru handiak erakarri zituen. Horiek ohiz kanpoko itxuragatik kontratatzen ziren, batzuetan gainera lanbidea ezagutu gabe eta inolako ikusketa medikurik egin gabe.

Siderometalurgiako araudian, beste jardueretakoak baino aurreratuagoa, urtean 2.340 orduko lana arautzen zen. Ondorioz, langileek larunbatetan ere lan egin behar izaten zuten, eta oporrak oso egun gutxikoak izaten ziren. Alabaina, 1970. urtean ordenantza berria etorri zen eta urteko lanaldia 2.105 ordura jaitsi zen, gainera ordu horiek larunbat arratsaldeetan lanik ez egiteko moduan banatzea arautzen zen. Gaur egun urtean lan egiten diren orduak 1.750 inguru dira, hau da, 590 ordu gutxiago (% 25), edo 355 ordu gutxiago (% 15).

Berrogeita hamarreko hamarraldiko lehen urteetan, soldatak astero-astero ordaintzen ziren, eta dirua eskuan ematen zitzaien zorro batean langileei; baina handik gutxira hamabostero eta hilero ordaintzen hasi ziren. Aurrerapenak ere ohikoak ziren. Enpresa askotan arazoak sortzen hasi ziren hirurogeiko hamarraldiaren hondarretan ordainketak banku taloiz edo kontu korronteetako abonuz egiten hasi zirenean, ordura arte langileek ohiz nominaren zati bat (jakina, zati handiena) familiako buruari ematen ziotelako, beste zati bat beren premia pertsonaletarako gordez. Sistema berriak, jakina, ohitura hori urratzen zuen.

Garai hartako lan arauetan zerrenda-arduraduna agindupekoen lanbide kategorian bereizita agertzen zen. Hirurogeiko hamarkadaren hasierako urteetan horien gutxieneko soldata egunean 17 pezetakoa zen, bigarren mailako administratzaile ofizialek (18,0 pezeta) baino zertxobait gutxixeago. Lanbide kategoria honetako buruek 35 pezetarainoko soldatak izaten zituzten. Aurrerago ere esan dugun bezala, benetan askoz ere gehiago kobratzen zuten.