Artisaua

Miguel Angel Arriaga Uriartek (Berriz, Bizkaia, 1956) lehen ikasketak jaioterrian amaitzen ditu. Durangora joan eta bertako Institutuan U.B.I amaitzen du, 18 urterekin.

Ohiturari jarraituz, txikitatik ibili zen eskupilotan. 16 urterekin jubeniletara pasa, baina utzi behar izan zuen. Eskuak oso minduta geratzen zitzaizkion eta zaila egiten zitzaion hurrengo partidarako sendatzea. Horrek, zesta-puntarako ateak ireki zizkion. Durangoko Ezkurdi frontoian eskolak jaso zituen Jose Urbietaren eskutik. Elejabarrieta anaiak, Rafael Gorroño, Jose Antonio Idigoras, Roberto Azkarate, Ramon Zarandona edo Pedro Mari Garita ziren garai hartako profesionalik nabarmenenak, eta ohikoa zen guztiak frontoi hartan jokatzen ikustea.

Hala ere, Miguel Angel berandu hasi zen modalitate horretan (normalean 10-11 urte bitarte horretan hasten baitira), eta xisteragile bihurtzeko aukera eskaini zioten. Horrela, Durangoko frontoian saskigile zen markinako Jose Arriagarekin hasi zen ikasten. Bi hilabetez harekin aritu ondoren, esperientzia handiko irakaslea zen Jose Echaberekin jarraitu zuen. Azken horrek, lokala zuen Gernikako frontoian, eta lehenagotik ere elkarte bat sortua zuen Jose Aldazabal aditu ezagunarekin batera.

Miguel Angelek ez zuen soldatarik irabazten. Garai hartan ez zegoen horretarako ohiturarik. Familiak ordaindu behar izaten zizkion garraiorako eta otorduetako gastuak. Ondorioz, bi urte beranduago, 20 urte zituelarik, bere kabuz lanean hastea erabaki zuen. Berrizen lantegia ireki zuen 1976. urtean. Gaur egun, leku berean darrai lanean. Azpimarratu beharra dago, garai hartan, armagintza bezalako beste hainbat jardueratan, aurretik zehaztutako diru kantitate bat ordaintzen ziotela ikasleek irakasleari

Betiko metodoak erabiliz, xisteragile on bat izatera iritsi ahal izateko, pazientzia handiko eskulangile izan behar dela dio Miguel Angelek, behin eta  berriz errepikatu beharreko lana baita beraiena. Ordu asko eman behar dituzte aulki batean eserita, eta artisauak bizkar edo zerbikaletako minak jota amaitu dezake. Beharrezkoa den abilezia ere bakoitzarengan dago, baina etengabe aritzeak horretan ere laguntzen du.

Miguel Angel ArriagaMiguel Angel Arriaga artisau maisua. (Argazkia: Javier Carballo).