Prozesua

Saskiak eskuz egiten dira. Artisaua 18 orduz aritzen da lanean, eta horietatik 10 minutu dira bakarrik makina baten laguntzaz egiten dituenak. Bi egun behar izaten dira saski bat egiteko.

Hainbat prozesu burutu behar izaten dira saskia egiten hasi baino lehen. Lehenengo, gaztainondoa edo lizarra erabiliz takoia egingo da, ondoren, uztaia landuko da pilotari bakoitzak nahi duen lodiera eta kurbatura lortuz. Zesta bakoitzak behar dituen 13 saskitxoak egingo dira jarraian. Lan horretarako, lehen aipatu dugun arrabotatzeko makina txikia erabiliko du.

Hurrengo egiteko aurrekoaren antzekoa izango da, baina orain saihetsekin egingo da. Mihia ere egin beharko da. Baita pilotariak bere  eskua sartzeko oihala eta eskularrua ere, bezeroaren neurrira egiten dena.

Erabiltzen duen zestaren berdina egiteko eskatzen du pilotariak normalean, harekin “oso gustura” aritu baita. Orduan, artisauak kanpo ingurua markatu du arkatza duen gailu batekin, lagungarri izango zaiolako berria egiteko.

Jarraian xistera egiteko prozesua azalduko dugu: takoia uztaiaren atzealdean ezartzen da. Horretarako, bere muturra bi zuloetan sartzen da, estu-estu geratu arte. Ereduaren arabera, 8 edo 10 hari sartuko dira. Pauso horrek, zestaren kurbatura eta hondoa zehazten ditu. Erdiko saihetsa ezarriko da ondoren. Zuzen doan bakarra. Izan ere, kurbatura hori emango dioten sei saihets ezarriko baitira alde bakoitzean. Egin nahi dugun xisteraren kanpo geratzen den zatia, uretan jarriko du bizpahiru orduz, okertu eta muturra indartzeko. Zesta erabiltzen denean, pilota guztiak mutur horretatik aterako dira.

Artisau maisuaArtisau maisua bere lantegian. (Argazkia: C.U.).

Pilotaren eraso gogorrena erdiko hiru saihetsek joko dute. Hori dela eta, nylonezko zintza itsaskor batez janzten da barnealdea.

Zesta josi ahal izateko, zumeak bustia egon beharko du. Horrela zailagoa izango da apurtzen, eta zesta egitea erraztuko du. Hori da, beharbada, gehien errepikatzen den prozesua. Emakumeek egin ohi dute, eta zesta bakoitzeko 10-12 ordu ematen dituzte, gutxi gora-behera. Muturretik hasi eta goiko muturrera joaten da, xisteraren erdialderaino ia-ia. Orduan gauza berdina egingo da, baina atzekoz aurrera. Alanbreak pixkanaka kentzen joango dira.

Pilotariak eskua sartzen duen ehuna ezartzen da ondoren, eta mihia bertan josiko da. Jarraian, eskularrua ezartzen da. Azkenik, muturra hari beltz batez josten da, indar gehiago izan dezan.

Pilotariek, takoiaren alde batean, izena markatzeko eskatzen dute normalean.