Zilarginak

Zilargintza edo urregintza metalak lantzearen arteari esaten zaio, eta bere barruan hainbat jarduera ditu. Horietako bat da zilargintza, hau da, dekorazio-elementuak egitea, batez ere zilarrez, eta hein apalago batean, urrea eta kobrea erabiliz. Zilargintzan aritzen diren artisau espezializatuei zilargin esaten zaie. Askotan zilarginen eta urrreginen artean ez da bereizketarik egiten, ezta izenean ere.

Ez dago argi zilargintzaren jatorria zein den, baina lehen zibilizazioen garapenarekin lotuta dagoela uste da, horien aztarnen artean metal noblez egindako dekorazio-elementuak aurkitu baitira. K.a. 4000 inguruan azaldu ziren lehen bitxiak Ekialde Hurbilean, eta egiptoarrek egiten zituzten bitxiek agerian uzten dute zilargintzako teknikak ezin hobeto menderatzen zituztela.

Europan, zilargintza k.a. III. milurtean garatu zen. Lehenbizi urregintza batez ere, eta geroago baita zilargintza ere. Ondorioz, k.a. II. milurtean isurialde atlantiko osoan zabaldu ziren mailuz landutako metalezko piezak. Garai hartan, apainketak silexezko erremintekin egiten ziren, zizelkatze fin eta azkarrak eginez. Batzuetan, piezen ertzetan hezurrezko edo kobrezko puntzoi batekin egindako erliebe txikiak azaltzen dira. Funtsean behintzat, lan-teknika horiek berdintsu mantendu dira gaur egun arte. Orain ikusiko dugun bezala, artisau batzuek, oraindik ere beren eskuekin eta garai hartako erremintetan oinarrituriko tresna modernoagoekin egiten dituzte gaur egun zilarrezko piezak.

Erdi Aroan, zilargintzan kristau-gurtzarako piezak egin zituzten eta batez ere goi-klaseek erabiltzen zituztenak: kaliza eta gurutzeetatik hasi eta urre eta zilarrez egindako katedraletako erretaula izugarrietaraino. Mendeak aurrera joan hala, joera horrek zabaltzen jarraitu zuen, luxu eta nabarmenkeria nahiak zirela medio.

Parisen zilargin pila bat omen ziren. Izan ere, XIII. mendean lanbide hori arautu behar izan zen. Garai bera ere ezin hobe aizan zen Espainiako zilargintzarentzat.

Arabiarrek izaera berezia ematen zieten beren obrei, eta zilarginek trebetasun handia erakutsi zuten metalen galdaketan, forja-lanean, zizelkatzean, bozeldu eta filigrana txikia egiterako orduan. Italiako Errenazimentuko zilargilerik onena Benvenuto Cellini izan zen, eta bere pieza ugari daude gordeta Europako herrialde askotan.

Klase aberatsak ugaritzen joan ziren heinean, zilargintza ere garatzen joan zen, klase horiek zilargintzako produktuak gero eta gehiago eskatzen baitzituzten. Euskal Herrian, zilargintza bi lekutan kokatu zen: Bilbon, industria-garapenaren ondorioz; eta Donostian, aberatsek udaldia pasatzeko hiri ospetsu bihurtu zelako.