Erremintak

Zizelaketa eta bozelketa egiteko altzairu tenplatuzko zizel ugari erabiltzen dituzte (200 inguru). Zizel horiek 18 edo 20 cm inguruko luzera, oinarri karratua eta forma ezberdinetako punta izan dezakete.

Zizelaketa egiteko, batez ere punta zuzena edo kurbatua duten zizelak erabiltzen dira, betiere, ertza kamutsekoak, materiala moztu gabe deformatu ahal izateko. Horrelako zizelak erabiltzen dira zilarrezko xaflaren atzeko aurpegia landu eta bozeldutako ertzak definitzen bukatzeko.

Ertzak nabarmentzeko hainbat formako punta eta tamaina duten erremintak erabiltzen dira (esferak, elipseak, konkaboak eta abar), materiala iluntzeko. Erreminta horietako asko erositakoak dira, eta beste asko, berriz, artisauek beren lan-bizitzan zehar egin dituzte.