Produktuak

Gaur egun Eibarren duen 66 metro karratuko tailerra 2000. urtean ireki zuen. Martak erabiltzen dituen produkzio-baliabideen artean, honako hauek daude: soldatu eta urtzeko sopletea, ijezkailuak, eskuko nahiz pedaleko zulagailuak eta leuntzeko hiru danbor. Tresnen artean, “segueta” izeneko zerra oso txiki eta finak, limak, matxardak, kalibreak, soldatu eta mozteko guraizeak, konpasak, kalibre erregogorrak, mailuak, soldatzeko altzairua eta neurri desberdinetako tasak eta trefilagailuak erabiltzen ditu.

Tailerrean, berriz, lan-mahaiak, ia pareta guztiak estaltzen dituzten apalak eta bere lanen erakustoki modukoak ere aurkitu ditzakegu.

Batez ere norberak erabiltzeko produktuak egiten ditu Marta Irustak, zilarrez eginak, eta bezeroak horrela eskatzen badio, urrea eta platinoa ere erabiltzen ditu. Sortze-teknikak eta materialak etengabe berritzeko nahia erakusten du Martak, horregatik, buru-belarri dabil gaur egun brontzearen erabilpenean.

Eibartar horrek garrantzi handia ematen dio egiten dituen produktuen diseinuari. Horien artean, eraztunak, eskumuturrak, kotoizko edo sokazko korapiloak dituzten lepokoak eta paparrekoak daude, beti originaltasun kutsu batek edertuak.

LantokiaLantokia. (Argazkia: Julen Zabaleta).

Piezak pulitzeko danborraPiezak pulitzeko danborra. (Argazkia: Julen Zabaleta).

MakinaMarta Irusta artisauak erabiltzen duen makina bat. (Argazkia: Julen Zabaleta).