ZINBELARIAK, USOZALEAK

Izen horiek ematen zaizkie ehiza mota horretan aritzen direnei. Uso-pasa garaian erabiltzen da gehien, eta horretan apeua erabiltzen da, usoak behe samarretik datozenean horiek erakartzeko hain zuzen. Jakin badakigu apeu bidezko ehiza oso aspaldikoa dela, ez dakigu baina zehatz noiz hasi zen. Araba eta Nafarroako pasagune osoan zehar erabiltzen da.

Zuñigako eta Santikurutze Kanpezuko ordenantzetan, XVII. mendekoetan, galarazi egiten zen eguzkia sartu baino ordubete lehenago usoak lo egitera joaten ziren “La Dormida” izeneko sakanean ehiza egitea. Leku hori Araba eta Nafarroako bi herri horien arteko muga da.

Uso itsu bidezko ehiza trebetasuna eskatzen duen lanbide bat da; trebetasun hori izan ezean, ehiza ahaleginak ez du atarramentu onik izango. Egaren arroko zinbelariak, Antzinetik Azazetarainokoak, omen dira bere lanean onenak. Herri horietatik guztietatik zinbelariak bere uso itsuekin joan izan dira Gaztela, Extremadura eta Andaluziako bazkaleku handietara, eta azken aldian baita Portugalen hegoaldera ere. Abendutik otsailera bitarteko hilabeteetan, herri horietako usozale batzuk aipatu lekuetara joateko kontratatzen dituzte. Arabako Apinaiz herritik oraindik joaten dira lurralde haietara.