Prozesua

Juan Garmendia Larrañagaren arabera, gure herrialdean Zumarragan hasi ziren zumea manipulatzen, XIX. mendearen azken hamarkadan, Frantziako eskulangileek ekarritako teknologiari esker. Nicolás de Bustinduy Vergarak, 1894an argitaratutako “La industria guipuzcoana” lanean, diosku ezen Zumarragan, garai haietan, Justo Artiz y Cía enpresa zumea landatzen ari zela, hurrena erantsiz “industria hau izugarri baliotsua dela herri batentzat, etxekoa delako, nolabait esatearren, aukera ematen dueta familiek bere etxean bertan egin ahal izan dezaten lan. Zumezko mota guztietako objektuak egiten dituzte, eta jendeak ezagutzen dituenean zumeak dituen abantailak, asko hedatuko da. Egungo produkzioa aipagarria da; lan gehienak eskuz egiten dira”.

Zumearen saskigintzan espezializatutako eskulangileek aulki baxu batean eserita egiten dute lan, eskueran dutela bere eginkizunerako behar duten guztia; honetan eskulana da guztia, dauzkaten tresna bakarrak zerrak, guraizeak, kurrikak, moztekoak, erregelak, mazoak, labanak eta eztenak baitira.

CestasHainbat saski mota. (Argazkia: Julen Zabaleta).

Hainbat zume mota daude, eta egin behar dituen produktuetarako egokien deritzona aukeratzen du zume-langileak. Gainera alde handia ikusten da zume zurituz edo zuritu gabez egiten diren lanen artean; oraingoan lehenei buruz ari gara, askoz gehiago irauten baitute.

Zumea urtarrilean mozten zuten, ahal zelarik ilbeheran, eta hurrena lurperatu egiten zuten, sortak eginda, maiatza arte. Atera ondoren zuritu egiten zuten, hau da, azala kentzen zioten, urkila bat erabiliz. Toki batzuetan bando batez iragartzen zuten lana zer egunetan egin behar zuten; hau kanpoan egiten zen, kiloko hainbesteko batean, inolako lan loturarik gabe. Leku lehor batean bildu ondoren, lanean hasi aurretik uretan sartzen zuten, biguntzeko; lau bat ordu egin behar zuen uretan. Laureano Paniagua eskulangileak egindako zenbat otarre mota.

Ondoren otarregileak moztu egiten zuen, guraizeak erabiliz, zumearen goiko muturra, eta aizto batez hiru edo lau zati egiten zituen, zerrendak atera eta otarreak egiten hasteko; otarreak oinarritik hasten dira, bi zume oso edo gehiago jarriz, egin beharreko piezaren arabera. Azpia amaitu ondoren, otarrearen gorputza egiten da, zerrenda horizontalak jarriz; tartean- tartean zerrenda handiago batzuk ipintzen dira, zerrenda-kopuru jakin bat utziz alegia batetik bestera, piezari sendotasun handiagoa emateko, harik eta lana amaitzen den arte. Goiko partearen erremate, zerrenda lodiagoak jartzen dira.

CestasZumea zuritzen Zumarragako kaleetan, XX. mendearen hasieran. (Argazkia: Kutxa Fototeka).

Lana amaitzeko kolore pixka bat eman dakioke, anilina daukan uretan sartuta, are otarreei berniza emanez bezeroak horrela nahi badu. Otarre batzuek behar dituzten heldulekuak egiteko zume osoak, bilduak, erabiltzen dira.

Orain arte azaldutakoaren ondotik, zalantza gutxi izan dezakegu zumezko saskigintzaren etorkizunari buruz. Seguruenik, ahanzturaren apaletara igaroko diren eskulangintzako lanen zerrenda jada oso luzeko beste bat izango da aurrerantzean.

Lan hau egiteko oso baliagarriak izan zaizkigu ikerlan hauek:

  • Antxon Aguirre SorondoLaureano Paniagua artesano del mimbre”, Euskonews aldizkariaren 261. zenbakian argitaratua (2004ko uztailaren 2tik 16ra).
  • Juan Garmendia LarrañagaCestería fina del mimbre”.