Produkzio-prozesuak

Migel Urrozek itxuraz errazak diruditen prozesuak erabiltzen ditu bere espezialitateko produktuak egiteko. Prozesu horiek bere maisuek erakutsitakoaren eta berak urte hauetan guztietan artisau bezala lan eginda ezarritako hobekuntzen emaitza dira.

Funtsezko eragiketa hauek egiten ditu: aizkorak eta batez ere zerrak erabiliz egurra moztea, trintxak eta gubiak, baina baita aizkorak eta zeioak erabiliz arbastatzea, arraspa eta arrabota erabiliz fintzea, eta lixa erabiliz azken akabera ematea.  Zurak kupel begiko laztabinarekin eta birabarkizko zulagailuarekin zulatzen dira. Zaliek eta gisakoek zati konkabo bat dute, eta artisauak eragiketa hori egiteko bereziki egindako hortza erabiltzen du.

Adibide bezala, zaliak, burruntzaliak eta sega-potoak nola egiten diren azalduko dugu. Kasu guztietan, artisauak zurgin-mahaiaren antza handia duen mahai batean egiten du lan. Bertan materialak eta erremintak jartzen ditu.