GIPUZKOAKO BIZIKLETA BIDEEN LURRALDE ARLOKO PLANAREN BERRIKUSPENA
 

Lurraldearen Arloko Planak (LAP) Eusko Jaurlaritzako sailek edo lurralde-arloan eskumenak dituzten lurralde historikoetako foru-organoek egindako dokumentuak dira. Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak arlo sektorial jakin batean garatzea dute helburu.

Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana (GBBLAP) garatuz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak hiriarteko mugikortasun ez-motorizatua ahalbidetu eta bultzatuko duen azpiegitura sare bat planifikatu eta garatu nahi du, izan txirrindulari edo oinezkoen erabilerarako.

Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Arloko Plana behin betiko onartzen duen 2/2013 Foru Arauaren 16. artikuluan jasotzen den bezala, Plana jarduketa-programetan jasotako epeak amaitu aurretik berrikusi beharko da.

GBBLAP-aren berrikuspenak jatorrizko dokumenturako definitutako onarpen-prozedura bera jarraituko du, eta aurreikusitako fase guztiak gainditu beharko ditu: aurrerapena, hasierakoa, behin-behinekoa eta behin betikoa.

Fase bakoitzerako, informazio-, kontsulta- eta parte-hartze publikoko prozedurak planteatzen dira.

Egun, dokumentuaren berrikuspen-prozesua Aurrerapen Fasean dago eta prozesua hasi zenetik 10 hilabeteko iraupena izatea aurreikusten da.

Aurrerapen-dokumentua behin betiko onartu ondoren, ondorengo faseak garatzeko lizitazio publikoa egin beharko da, eta beraz, oraindik ez da epe zehatzik zehaztu berrikuspen-prozesua amaitzeko. 

 

GBBLAP-aren berrikuspenerako Partaidetza Prozesuetan herritarrek, administrazio publikoek eta gaiarekin lotura duten erakundeek parte hartu ahal izango dute, profil bakoitzari egokitutako moduan.

Planaren berrikuspenean Partaidetza Prozesuan laguntzeko, online galdetegi bat bete ahal izan zen, 2023ko Apirilaren 1etik maiatzaren 8ra.

Horrez gain, bidegorriak@gipuzkoa.eus posta elektronikoa ere jarri da eskuragai, proposamenak, iruzkinak eta interesgarria izan litekeen dokumentazioa helarazteko.

 

Egungo sarearen diseinuak, trazadurak edo kontserbazio-egoerak eragindako arazoei eta izandako gorabeherei buruzko gaiak landu ahal izango dira, besteak beste. Egungo ibilbideak aldatu, eguneratu edo garatuko dituzten proposamenak ere aurkez daitezke, antzemandako eragozpen edo gabeziei irtenbidea emanez.

Adibide gisa, horrelako partaidetza-prozesuetan plantea daitezkeen hainbat gai planteatzen dira:

• Ibilbide berriak proposatzea.

• Dauden ibilbideen arteko loturak planteatzea.

• Egikarituta dauden bideen trazadura eta diseinua egokitzea edo aldatzea.

• Hainbat interes-gune lotzen dituzten ibilbideak gehitzea.

• Ibilbide edo bide jakin batzuen erregulazioa aldatzeko arau berriak proposatzea.

Gipuzkoako Bizikleta Bideen Oinarrizko Sarearen helburu nagusia hiriarteko bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzea eta garatzea bada ere, oinezkoekin partekatu beharreko azpiegitura da, orokorrean. Horregatik, erabiltzaile mota desberdinen arteko bizikidetza kontuan hartu beharreko faktorea izango da bizikleta bideen plangintzan eta diseinuan.

9 dira sarea osatzen duten ibilbideak:

I-1: Donostia-Irun

I-2: Donostia-Mutriku

I-3: Donostia-Beasain

I-4: Debarroa

I-5: Urola bailara

I-6: Bergara-Beasain

I-7: Bidasoa bailara

I-8: Leitzaran bailara

I-9: Ego bailara

Bizikleta Bideen Oinarrizko Sarerako aurreikusitako luzera 439,8 kilometrokoa da. Hala ere, guztira 235,4 kilometro eraiki dira, hau da, planifikatutakoaren % 53,3.

Gaur egun, 132,8 km foru-kudeaketakoak dira eta 102,7 km udal-kudeaketakoak

- Bizikleta-bidezidorra: Oinezkoak eta bizikletak ibiltzeko bidea da, kale eta errepideetatik bereiztuta dagoena, edo trenbideko plataforma abandonatuetan, lehendik dauden bideetan edo zabalgune sortu berrietan egiten dena.

- Bizikleta-espaloia: Oinezkoentzako espaloien espazioan ezarritako bizikleta-bidea da. Bizikleten trafikoarekin batera oinezkoen zirkulazioa ezar daiteke, bi modu horietarako seinaleak jarrita; era berean, bizikleten zirkulazioa oinezkoen zirkulaziotik bereiztuta egon daiteke, seinaleen, zoladuran egindako marren edo fisikoki bereizteko edo segregatzeko beste edozein elementuren bidez. Noranzko bakarrekoa edo noranzko bikoa izan daiteke.

- Bizikleta-pista: Galtzadaren eta errepidearen eta espaloiaren paraleloan doan bizikleta-bidea da, trazadura eta plataforma independente dituena, ibilgailu motordunen trafikotik bereiztuta. Noranzko bakarrekoa edo noranzko bikoa izan daiteke.

- Bizikleta-errei babestua edo bizikleta-lerro babestua: Galtzadaren zati bat hartzen duen bizikleta-bidea da, galtzadatik eta ibilgailu motordunen trafikotik bideko marren bidez, mutiloien edo bereizteko edota babesteko beste elementu batzuen bidez fisikoki bereiztuta dagoena. Noranzko bakarrekoa edo noranzko bikoa izan daiteke.

- Bizikleta-erreia edo bizikleta-lerroa: Galtzadaren zati bat hartzen duen bizikleta-bidea da, galtzadatik eta ibilgailu motordunen trafikotik bereiztuta dagoena, baina ez fisikoki bereizita, eta zirkulazioaren noranzko bera duena.

- Bizikleta-bazterbidea: Errepideko bazterbidea hartzen duen bizikleta-bidea da, zirkulazioaren noranzkoa duena eta fisikoki bereizita ez badago ere, bideko marren bidez, kolore eta egituraren bidez, sestra-aldaketa arinen edo beste metodo batzuen bidez bereiztuta dagoena.

- Ibilgailu motordunen trafikoarekin partekatutako bidea: Hiriko edo hiriarteko bidea da, dituen diseinua eta trafikoaren arautzea kontuan izanda, ibilgailu motordunen portaera eta abiadurak bizikletaren erabilerarekin bateragarriak dituena, espazio partekatuzko erregimenean.