GIPUZKOAKO BIZIKLETA BIDEEN LURRALDE ARLOKO PLANAREN BERRIKUSPENA
 

 

Sarrera

Mugikortasuna gero eta konektatuagoa eta inklusiboagoa den gizarte baten zutabeetako bat da, mende honetako etengabeko aldaketei aurre egiteko erronka eta herritarren beharrei erantzuteko eskubidea. Horregatik, helburu nagusia mugikortasuna garraiobide iraunkorragotara bideratzea izan beharko luke, herritar guztien osasuna, ingurumena, klima, ongizatea eta segurtasuna babestu ahal izateko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren helburu nagusietako bat da hiriarteko mugikortasun ez-motorizatua eta ingurumenean eragin txikiena duten garraiobideak sustatzea. Helburu hori lortzeko, Departamentua bizikletaren eta foru bizikleta bideen arloko eskumenaz baliatzen da, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Sarea planifikatu, eraiki eta kudeaketaren ardura bere gain hartu, eta bizikleta garraiobide gisa sustatzeko estrategiak diseinatu eta garatu ahal izateko.

Bizikleta Bideei buruzko 1/2007 Foru Arauaren 19.1 artikuluaren arabera, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plana izapidetu zen. Arloko Plana 2013an onartu zen ofizialki eta Gipuzkoako Bizikleta Bideen Oinarrizko Sarearen plangintza eta eraikuntza bermatzen duen arau-tresna da.

Gipuzkoako Bizikleta Bideen Oinarrizko Sarea Lurralde Historikoan hiriarteko mugikortasun ez-motorizatua garatzea bermatzen duen azpiegituren sarea da. Helburu nagusia hiriko eta hiri inguruko txirrindularien eguneroko joan-etorriei zerbitzua ematea da, baita bizikleta baliatuz aisialdiari eta turismoari loturiko joan-etorriei ere. Gainera, sareak oinezkoek aisialdirako aukera izatea sustatzen du.

Egun, informazioa lortu, aztertu eta eguneratzeko fasean dago indarrean dagoen Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana, behin betiko onartua 2/2013 Foru Arauaren bidez eta 6/2014 Foru Arauak aldatua. Indarrean den Foru Arauaren 16. artikuluaren arabera, planaren indarraldia zortzi urtekoa da (2013-2021), eta beraz, haren jarduketa-programen epeak amaitu izanak berekin dakar GBBLAP-ren berrikuspen-lanen hasiera.

Berrikuspen-prozesuaren parte bat da Partaidetza Publikoko Plan bat gauzatzea, kudeaketa publikoari gardentasuna emango diona, arazoak identifikatzen lagunduko duena eta erabiltzaileen esperientzian oinarritutako konponbideak eta iradokizunak bilduko dituena.


 

Planaren berrikuspena

Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana (GBBLAP), 2013an behin betiko onartua, berrikuspen-prozesuaren hasieran dago. Prozesu honi hasiera ematen dion fasea Aurrerapenekoa da, eta fase hori, aldi berean, informazio, azterketa eta eguneratze-fasean eta aurrerapen-fasean banatzen da. Azpi-fase bakoitzak 5 hilabeteko iraupena du informazioa bildu, kontsultatu eta herritarrek parte hartzeko. Parte-hartze prozesuetan, oharrak, iradokizunak, alternatibak eta proposamenak egin ahal izango dira.

Behin Aurrerapen Dokumentua onartuta, Hasierako Onespen Faseari ekingo zaio. Hasieran onartutako plana Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta jendaurrean jarriko da erakusgai.

Aurreko izapideak egikaritu ondoren, behin-behineko onespena emateko erabakia hartuko da, eta Lurralde Antolamendurako Batzordeari helaraziko zaio, arauak agintzen duen bezala txostena egin dezan.

Azkenik, plana behin betiko onartuko da Batzar Nagusien aldetik Foru Arau baten bidez. Plana Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, antolamendu-arauekin batera. Behin betiko onespena argitaratuta, GBBLAP-aren dokumentu berriak balio juridiko osoa izango du.