Bizikletaren Estrategia 

 

Ekintza-ildoak modu sistematizatuan

Bizikletaren Estrategiaren bidez, bizikletaren aldeko politika eta gai honen inguruan Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta, bereziki, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketarako Departamentuak bultzatu beharko lituzkeen ekintza-ildo nagusiak modu sistematizatuan antolatu nahi dira. Azkeneko helburua Bizikleta Sistema Integral bat eratzea izango litzateke, bizikleta-erabiltzaile kopurua handitzera bideratutakoa hain iraunkorrak ez diren moduetan egiten diren joan-etorriak ordeztuz.

Halaber, herritarren artean balioak eta ohiturak aldatzeko prozesu bat bultzatu nahi da, gizartetik eta erakundeetatik, bizikleta-mugikortasunaren alde.

Azkenik, Gipuzkoa bizikletaren erabileraren normalizazioan Europako parametroetan kokatzea da beste helburuetako bat, mugikortasun iraunkorragoaren alde lan egiten duten lurraldeen taldean sartuz.

 
 

Gipuzkoako Bizikleta-Sistema Integrala

Gipuzkoan bizikletaren aldeko politika Bizikletaren Estrategiaren bidez esplizitatuko eta sistematizatuko da, gipuzkoarren bizimoduan bizikletaren normalizazioa eta zabalkundearen bidea jarraituko duten programak kudeatu eta burutzeko gaitasuna dauka-eta.

Horrela, Gipuzkoako Bizikleta Sistema Integrala egituratzen lagundu nahi da, hau da Gipuzkoan bizikletak erabiltzeko baldintzak osatzen duten zerbitzu-, azpiegitura- eta erregulazio-multzoan laburbil daitekeena. Bizikletarentzat azpiegitura-politika bat ezartzea ez da nahikoa, eta neurrien ingurune zabalagoa eta aldekoagoa behar da. Hori egiaztatzearen ondorioz sortu zen aipatutako kontzeptua: “Definitzen duen azpiegitura-sarea ez da berez helburua, baizik eta beste xede handiago bat lortzeko pentsatuta dago, eta, datozen urteotan, dimentsio osoa hartzen joan beharko da: bizikleta-sistema integral baten artikulazioa, bizikleten eta bizikleta-bideen erabilera Gipuzkoako hiri/hiriarteko garraio aktiborako sozializatzeko. Hori ezingo litzateke lortu hazten ari den ekintza-programa bat osatzen duten eta elkar erlazionaturik dauden beste tresna askorik gabe”.