2015eko martxoan, Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluak “Bizikletaren Estrategia 2014-2022” behin betiko onartu zuen. Bere helburu nagusia Gipuzkoan bizikletaren erabilera areagotzea da, ibilgailu motordunen aurrean benetako alternatiba ehunduz. Helburu horri jarraiki, politikak, jarduera-ildoak eta programak zehazten ditu Estrategiak. Berau gauzatzeko behar diren baliabideak eta beste administrazio eta eragile batzuekin koordinatzeko sistemak, eta ebaluatzeko mekanismoak, definitzen ditu baita ere.
Bizikletaren Estrategia bizikletaren foru-politikan aurreikusitako ataletako bat da, Gipuzkoak dituen bi dokumentu juridiko-administratibo nagusietan xedatzen den moduan: Bizikleta Bideen Foru Arauan eta Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planean (GBBLAP).
Estrategiak, bizikleta-mugikortasunaren foru politikarako ibilbide-orria definitzen du bizikletaren erabilera susta dezaketen hainbat arlo bere baitan hartuz: garraioak, bide-segurtasuna, hirigintza, lurralde-antolaketa, ingurumena, energia, hiritarren parte-hartzea, ekonomia, fiskalitatea, industria, hezkuntza, ikerketa, osasuna, kirola, aisia eta turismoa, haurtzaroa eta gaztaroa, mugaz gaindiko lankidetza…
Izan ere, helburu nagusia lortze bidean, erabakigarriak dira hirigintza-ereduan, esparru ekonomikoan eta fiskalean, garraio-azpiegituren politika orokorrean eta hiri mugikortasunean esku hartzea. Horregatik, Estrategiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen dituen politika publikoen barruan txertatu nahi du, eta udal administrazioen politiketan eragitea ere.
Gipuzkoako Bizikletaren Estrategiak ezartzen duen ibilbide-orria ondorengo ardatz estrategikoen bidez garatzea aurreikusi da:
Ardatz horietako bakoitza esku-hartzeko programa espezifikoen bidez garatuko da, eta programa horiek neurri zehatzen bidez. Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia zortzi urteko behin behineko epean garatuko da. Lehen laurtekoa pasa ondoren berrikusten hasi da, behar bezala eguneratu eta birprogramatzeko.