Gure argitalpenak

Gipuzkoan bizikleta garraiobide gisa erabiltzeari buruzko ikerketa soziologikoa 2023

Txosten honek bizikleta garraiobide gisa hartuta 2023an egindako ikerketa soziologikoaren emaitzak jasotzen ditu. Ikerketa hori 2.500 pertsonari baino gehiagori egindako inkesta baten bidez egin zen, baita hainbat elkarrizketa eta eztabaida-talderen bidez ere, mugikortasuneko aditu-talde baten laguntzarekin. 2014an egindakoaren eguneratze bat da, gipuzkoarrek bizikletarekin duten harremanean sakontzen zuena, bereziki garraiobide gisa. Hala, ibilgailu horren erabilerak azken 10 urteetan izan duen bilakaeraren ikuspegia eskaintzen du, eta agerian uzten ditu eskuratutako lorpenak eta oraindik egiteke dauden erronkak.

ZIKLOTEKA#1

Pedalei eragiteko laguntza duten bizikletak eta tokiko mugikortasun politikak

Ziklotekak, Bizikletaren Dokumentazio Zentroak, bizikleta bidezko mugikortasuna ardatz duen argitalpen teknikoen bildumaren lehen zenbakia argitaratu du. Lehenengo zenbaki honetan arreta jarri nahi izan dugu txirrindularitza elektrikoak tokiko politiken esparruan duen zeregin potentzialean, bere onurak eta aukerak azalduz, aldi berean, dituen mugaz eta arriskuaz ohartuta. Erronka horri behar bezalako zorroztasun teknikoaz heltzeko, Ziklotekak Alfonso Sanz Alduán geografo, matematikari eta gea21 SLko teknikari hirigilearen partaidetzaz baliatzeko ohorea izan dugu.

Eskoletan bizikleta txangoak antolatzeko gidaliburu praktikoa

Bizikletaren mekanika, mantentze lan eta bestelako kontuei buruz gutxieneko ezagutzak biltzen dituen eskuliburu praktikoa. Eskuliburu honek, bizikleta mota zabalduenak zerrendatzeaz gain, bizikleten atal desberdinak aztertzen ditu (koadroa eta urkila, transmisioa eta abiadurak, ardatzak, balaztak...). Eskuliburu honen arabera, bizikletaren gainean oinarrizko ezagutzak edukitzea garrantzizkoa da: garbiketa, olioztatzea, zulaketen konponketa, mekanika, erreminta oinarrizkoak, eta abar. Halaber, gidaliburu honek eskoletako aparkaleku eta bizikleta biltegiak ditu aztergai. Bukatzeko, bizikletan ibiltzeko eraman behar dugun oinarrizko hornidura (mekanikoa eta botikina) zerrendatzen du.

Gipuzkoako hezkuntza-zentroetan bizikleta gidatzeko ikastaroak emateko eskuliburua

Hirian bizikletaz modu autonomo eta seguruan ibil daitezen, lehen eta bigarren hezkuntzako haurrei ikastaroak emateko jarraibideak dakartza eskuliburu honek. Argitalpen hau, irakasleei, gurasoei eta hezkuntza-zentroetan mugikortasun arloko heziketan ardura duten pertsona guztiei zuzenduta dago. Ikastaroaren helburu zehatzak ondoko hauek dira: txirrindularitza-gaitasun seguruak sustatzea eta garatzea, kalearen eta errepidearen erabilerari begirako jarrera positiboak garatzea eta kale eta trafiko inguruneen ezagutzak eta ulermena areagotzea. Ikastaro honek bi alderdi ditu: praktikoa eta teorikoa eta Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleentzat (10-11 urte) pentsatuta dago, nahiz eta DBHko 1. mailan ere eman daitekeen. Xedea, bizikleta garraiobide gisa hirian txertatzea da eskola garaitik hasita.

Bizikleta bidezko mugikortasuna udal ordenantzetan jasotzeko gomendio teknikoak

Dokumentu honen helburua da udalei laguntzea mugikortasuneko araudia eguneratzeko, aurreko bide hierarkia eta eremu publikoaren antolaketa berraztertze aldera, betiere jasangarritasuna xede dela. Horrela, automobilari eta zirkulazioaren arintasunari eman zaion protagonismoa murriztu nahi da eta, aldi berean, oinezko eta txirrindularien eskubideak aitortzea eta babestea. Idazketa prozesuan udaletako eta erakunde publiko, pribatu eta elkartetako ordezkarien ekarpenak bildu izan dira. Azken bertsioa Esther Anayaren ardura izan da. Bera bizikleta bidezko mugikortasuneko aholkularia eta ikertzailea da, eta bizikletak arautzeko eremuan eskarmentu handikoa.

Mugi zaitez! Mugikortasun iraunkorra lantzeko unitate didaktikoa

Mugikortasun iraunkorrari buruzko unitate didaktiko honen bitartez ikasleei lagundu nahi diegu hobeki ulertzen mugikortasun iraunkorraren elkarreragintza korapilatsuak. Liburuki honetan Lehen Hezkuntzako hiru zikloetara egokitutako jarduerak proposatzen dira. Zehar lerroz txertatzen dira curriculumean jarduera guztiok, beraz errazagoa izan daiteke ikasgai guztietan erabiltzea. Jarduera guztiek helburu bakarra dute: herritar parte hartzaileak heztea, gaur egungo mugikortasun eredua auzitan jarri eta hobetzeko lanetan murgil daitezen, irtenbide egokiak bilatuz, hala nola garraio publikoa, bizikleta herri barruko joan-etorrietarako edota oinez ibiltzea, gure kaleetatik galdutako autonomia eta presentzia berreskuratzeko.

Gipuzkoan bizikleta garraiobide gisa erabiltzeari buruzko ikerketa soziologikoa 2014

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2014. urtean bizikleta bidezko mugikortasunari buruz argitaratu zuen ikerketa soziologikoaren emaitzak jasotzen ditu txosten honek. Ikerketa honen helburua, bizikletaren erabiltzaile ez diren zein bizikletaren erabiltzaile diren Gipuzkoako biztanleen inguruko informazio eguneratua eta zorrotza eskuratzea izan da, ibilgailu honen sustapen ekintzak diseinatzen laguntzeko. Zehazki, 15 urtetik gorako 1.800 herritarren ezaugarriak, ohiturak eta iritziak jaso dira: bizikletaren inguruan gipuzkoarrok dugun irudia, bizikletarekiko daukagun interesa, Gipuzkoako etxebizitzetan dagoen bizikleta kopurua, sexuaren araberako erabilera, bizikleta hartzea oztopatzen dizkiguten faktoreak (eguraldia, zirkulazioa, aldapak), arriskuaren pertzepzioa, bizikleten lapurreta kopurua, bidegorri sarearen gaineko iritzia, eta abar luze bat.

Gipuzkoako bizikleta bideen eskuliburua

Gipuzkoako bizikleta bideen plangintza eta proiekturako gomendioak jasotzen dituen eskuliburu teknikoa da. Besteak beste, eskuliburu hau ondoko kontuei buruz mintzo da: bizikleta bide baten baldintza egokienak, bide eta erabiltzaileen tipologiak, diseinua, neurriak, bidegurutzeak, bide zoruak eta zolaketa, fabrikako egiturak eta obrak, drainatzea, seinaleztapena, argiteria, eta abar. Argitalpen honek oinarri teorikoa eskaintzen du baita ere, bizikleta zergatik eta nola bultzatu behar den azaltzen duena. Izan ere, bizikletaren erabilera sustatzeko, bizikletaren politikak bere baitan hartu behar ditu, ez bakarrik azpiegituren eraikuntza, baizik eta horien kudeaketa eta bizikleta sustatzeko neurriak ere.

Gipuzkoako herri arteko bizikleta bideen seinaleztapenerako gomendioak

Bizikleta bideen seinaleztapena egiteko oinarrizko irizpideak eskaintzen dituen eskuliburua dugu Gipuzkoako herri arteko bizikleta bideen seinaleztapenerako gomendioak. Bereziki, herri arteko bizikleta bideetan ezarri beharreko seinaleztapenenean ardaztuta dago. Argitalpen honen xedea txirrindularien zein oinezkoen beharrak asetzea da. Gidaliburua, bizikleta bideen esparruan lan egiten duten udaletako eta foru administrazioko teknikariei zuzenduta dago. Girder ingenieros S.L.-k landutako argitalpen honekin, bizikleta bideen planifikazioaren gaineko argitalpen teknikoen esparruan dagoen hutsunea bete nahi da, izan ere, aldizkari tekniko horietan ez baita seinaleztapena behar bezala landu. Gidaliburua idazteko, indarrean dagoen legezko araudia eta Gipuzkoako bizikleta bideen eskuliburua hartu dira oinarritzat.

Bizikletaren udal gidaliburua. Nola garatu bizikleta bidezko mugikortasunerako politika lokalak

Argitalpen honen bitartez bizikleta bidezko mugikortasunaren arloan lan egiten duen pertsonal teknikoaren gaikuntza hobetu nahi da, gero eta indartsuago datorren lan arlotzat ari baita jada finkatzen gure udaletan. Bertan bizikleta bidezko mugikortasunaren oinarri teorikoak, eta baita horrek mugikortasun iraunkorrean izan behar duen kokapena, arlo honetako esku-hartze publikoa egituratu behar duten ardatzen, eta toki mailako esferatik ekin dakiekeen jarduera-sorta zabalaren berri ere eskaintzen da.

Hegoak oinetan daude. Nerabeak, mugikortasuna eta espazio publikoa. Hezitzaile eta begiraleentzako gida praktikoa​

Argitalpen honen bitartez material praktikoa, atsegina eta interesgarria eskaini nahi diegu nerabeentzako zerbitzuetan eta gazteen arreta programetan lan egiten dutenei, edo nerabeekin lan egiten duten elkarteei, mugikortasun jasangarria eta bizikleta bidezko mugikortasuna gazteen sustapen programen edukietan kontuan har dezaten. Gidaliburu hau prestatzeko elkarlanean aritu dira GFAko Mugikortasun eta Garraio Publikoko Zerbitzua, eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Zerbitzua; halaber, arlo horretan beren esperientzien ekarpenak egin dituzten zenbait udalen lankidetza ere jaso da. Gidaliburua Marta Román geografo eta aholkulariak idatzi du (Grupo de Estudios y Alternativas 21, gea21), mugikortasuna haurtzaroarekin eta nerabezaroarekin uztartzen duten azterlanetan ibilbide luzea duenak, hain zuzen.

Bizikleta eta tokiko gobernuak

Argitalpenaren hartzaileak udaletako arduradun politiko eta teknikariak dira, eta bertan aurkezten dira bizikletaren bidezko mugikortasunaren oinarri teorikoak, arlo honetako esku-hartze publikoko ardatzak, eta abian jar daitekeen jarduera sorta zabala. Eta hori guztia EDERBIDEA proiektuan parte hartzen duten lurraldeetako praktika egokien ereduak erakutsiz. Gidaliburuaren egilea da Alfonso Sanz (Gea21 SL), oinezko zein bizikletaren bidezko mugikortasunean aditua.

Segurtasuna bizikletan. Etnografia bat

Ikerketa honek aztertzen du Gipuzkoako hiri-txirrindulariek segurtasuna nola hautematen duten. Antropologiatik aztertzen ditu bizikleta bideko segurtasuna sortzen duten faktore, baldintza, praktika eta pertzepzioak. Lana Miren Urquijo irakasleak zuzendu du (Euskal Herriko Unibertsitateko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailekoa), eta Jone Miren Hernández irakaslearen eta Espazioaren Antropologia ikasgaiko ikasleen laguntza izan du.