Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia gure lurraldean bizikletaren eta bizikleta-bideen erabilera sustatzeko politikak eta jarduera-ildoak zehazten dituen dokumentua da, kontuan izanik hori dela auto eta motorren gehiegizko erabileraren alternatiba nagusietako bat, eta Gipuzkoa bizikletaren normalizaziorako Europako parametroetan kokatzeko borondatearekin.
Hori gauzatzeko behar diren baliabideak zehazten ditu Estrategiak, bai eta denbora-programazioa, beste administrazio eta eragile batzuekiko koordinazio-sistemak eta hura ebaluatzeko mekanismoak ere (Gipuzkoako Bizikleta Bideen Foru Araua).
2015eko martxoan «Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia 2014-2022» onartu zen, kontsulta- eta partaidetza-prozesu sakona egin ondoren. Prozesu horretan, gaiarekin zerikusia duten eragile instituzional eta sozial nagusiek parte hartu zuten, baita eremu honetan interesa duten herritarrek ere.
Estrategia horren helburua zen Gipuzkoako Foru Aldundiak datozen urteetan bizikleta bidezko mugikortasuna bultzatzeko gauzatu behar dituen helburu eta jarduera nagusiak zehaztea.
Onartutako Estrategiak modu sistematizatuan antolatu zuen bizikletaren foru-politika, eta bere indarraldian (2014-2022) garatu diren programa eta jarduera-ildo nagusiak ezarri zituen.
Aldi hori amaitu ondoren, eta aipatutako foru arauan aurreikusitakoarekin bat etorriz, hura berrikusteko prozesua abiarazi da, eta hurrengo 8 urteetarako (2025-2032) bizikletaren plangintza estrategiko berri batekin bukatuko da.
Estrategia berrikusteko eta berria egiteko prozedura Bizikleta Bideen Foru Arauan ezarrita dago, eta prozesu parte-hartzailetzat jotzen da. Jasangarritasun Departamentuari dagokio prozesu horren ardura, Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluaren baitan. Kontseilu hori da Gipuzkoako bizikleta-mugikortasunaren arloan aholku- eta hitzarmen-organo nagusia, eta bere eginkizunen artean baitu Bizikletaren Estrategiaren prestakuntzan eta bere berrikuspen prozesuetan aholkuak ematea.
Prozesuak honako etapak izango ditu:
a) Diagnostikoa
Lehenik eta behin, eguneratu egingo da Gipuzkoako bizikleta-mugikortasunaren egoerari buruzko diagnostikoa, eta 2014tik aurrera izan duen bilakaerari erreparatuko zaio, gaur egungo erabiltzaileak fidelizatze aldera neurri eraginkorrak planteatzeko, eta eguneroko txirrindularitzara lagun gehiago erakartzeko.
Horrek berekin ekarriko du bizikletaren erabiltzaileen eta erabiltzaile ez direnen profilak aztertzea, bai eta bere erabilerarekin/erabilerarik ezarekin lotutako mota guztietako faktoreak ere; dauden zerbitzuak, baliabideak, jarduketak eta lotutako ekimenak eta arlo honi eragiten dion legeria aztertzea; eta 2014-2022ko aldian Foru Aldundiak egindako jarduketa ebaluatzea.
Horretarako, kontsulta bat Gipuzkoako udalei egitea aurreikusi da, haien zerbitzuak, baliabideak eta ekimenak ezagutzeko; eta beste kontsulta bat pertsona interesatuei, online galdetegi baten bidez, haien iritziak, ekarpenak eta iradokizunak jasotzeko, azken batean bizikletaren eguneroko erabilera bultzatzeko.
b) Diagnostikoari buruzko hausnarketa Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluan
Helburu nagusia izango da Kontseilu horretan diagnostikoaren ondorioak kontrastatzea eta haren proposamenak biltzea. Eta hori guztia kontuan hartuko da 2025-2032 aldirako Estrategia berria diseinatzean.
c) Plangintza estrategikoa
Aipatutako lanetan oinarrituta, 2032. urteari begira erreferentziazko agertoki estrategiko posibleak aztertuko dira, eta, azkenik, egokientzat jotzen dena aukeratuko da.
Lortu nahi den agertoki estrategikoan oinarrituta, eguneratuko dira helburu eta ardatz estrategikoak, estrategia gauzatzeko jarduketa-programak eta bere jarraipen- eta ebaluazio-mekanismoak.
Lan horien bukatzeko Estrategia berriaren zirriborro-dokumentu bat idatziko da.
d) Estrategia berriaren zirriborroari buruzko eztabaida Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluan
Ondoren, 2025-2032 aldirako Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia berriaren zirriborroa eztabaidatuko da Kontseiluan.
Jarraian, bere ekarpenak aintzat hartuta, behin betiko dokumentua idatziko da.
e) Estrategiaren behin betiko dokumentua onarpena
Estrategiaren behin betiko dokumentua Kontseiluaren bileran aurkeztuko da eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak onartu egingo du.
Bizikletaren Estrategia berria diseinatu ahal izateko, ezinbestekotzat jotzen da Gipuzkoan bizikleta bidezko mugikortasuna bultzatzeko interesa duten pertsonen iritziak eta proposamenak ezagutzea.
Hortaz, parte hartzera gonbidatzen zaitugu galdetegi bat betez esteka honetan.
Galdetegian jaso ezin diren beste ekarpen batzuk helarazi nahi bazenizkigu, posta elektronikoko mezu bat bidal diezagukezu honako helbide honetara:
Mila esker, aldez aurretik, zure laguntzagatik!