Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Kalitazteko Enplegua

Kalitatezko enplegua

 

Gure etorkizuna giza eskalako lehiakortasunean oinarritu behar da: enpleguaren kalitatea; jasangarritasunarekiko konpromisoa (soziala, ekonomikoa, ingurumenekoa eta belaunaldien artekoa); ezagutza berrien eta gaitasunen garapena, eta enpresa proiektuen eraikuntza, non pertsonak eta horien garapena funtsezkoak izango diren, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde eginez, eta kontziliazio erantzunkiderako eta soldata arrakala murrizteko neurri berriak bultzatuz. Egiteke daukagun eraldaketa kultural bat da, gizartean eta enpresetan garatu beharrekoa.

 

Egoera honetan, gizarte bakoitzak modu endogenoan egin dezakeenari ematen zaion pisua handitzen ari da; izan ere, enplegu hobea eta kalitatezkoa lortzeko baldintzak sortu behar dira, ingurune ekonomiko eta sozial inklusiboan oinarrituta. Ingurune horrek ikasteko prest dauden pertsonak behar ditu, eta malguak izan behar dute errealitatea interpretatzeko orduan, eta, beraz, baita etorkizunean inplikatzeko, konpromisoa hartzeko eta enpresa proiektuak garatzeko duten gaitasunean ere. Horrek guztiak esan nahi du etorkizunean sortuko den enpleguan eragina izango dutela kanpoko faktoreek, joerek eta joera nagusiek, baina, gainera, erabakigarriak izango direla gizarte bakoitzak, pertsonen, enpresen eta osatzen duten lurraldearen beraren etorkizunari dagokionez, ezarriko dituen erronkak.

 

Etorkizuneko enpleguaren inguruneek aurre egin beharko diete eraldaketa handi bati, balio berriei, aukera berriei eta enpresa eredu berriei. Gaitasun intelektual handiagoak dituzten enpleguak ikusten dira, ezinbestean hiru trantsizioekin lotutako trebetasunekin konbinatuta (teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa eta osasun eta gizarte arlokoa). Horietan, bizitza osoko ikaskuntza erronka jasangarria izango da pertsonentzat eta enpresentzat.

 

Alde horretatik, enplegua, zehazki, kalitatezko enplegua izan behar da elementu nagusietako bat; alde batetik, egun gizarte kohesio handiagoa lortzeko, eta, bestetik, errenten aurrebanaketa sustatzeko, prebentzioaren bidez gizarte kohesio txikiagoko egoerak saihesteko.

 

Horregatik, Gipuzkoan kalitatezko enpleguaren aldeko konpromisoak berekin dakar honako alderdi hauen aldeko apustua egitea: enpresetan ikaskuntza bideratzea, trantsizio handietatik eratorritako aukerak txertatzeko, pertsonen egokitzeko gaitasuna erraztuz; pertsonek enpresetan duten parte hartze maila bultzatzea; lan ingurune berrietan lan denbora eta prestazioaren jarduna berriro definitzea, ingurune horiek digitalizazioak eta teknologiak markatzen baitituzte; lan bizitzaren eta bizitza pertsonalaren arteko kontziliazioak lan egiteko modu berriak ahalbidetzea, gizonen eta emakumeen artean modu orekatuan erabiliz; laneko aniztasuna kudeatzeko eta lan ingurune berriak langileen adin eta osasun baldintzetara egokitzeko neurriak sustatzea; lana eta lan harremanak kudeatzeko modu berriak sustatzea, langileen oinarrizko eskubideen erabileran oinarritu daitezen, betiere modu negoziatuan, orekatuan eta gardenean burutze aldera. Eta, hori guztia, ekosistema eta testuinguru mesedegarri batekin.

 

Kalitatezko enpleguaren aldeko konpromiso horretan, funtsezkoak izan behar duten bi alderdi hartu nahi dira kontuan: enplegagarritasuna, pertsonari zuzendutakoa (bere inguruabar profesionalak eta pertsonalak lan merkatuaren aukeretara egokitzeko gaitasuna); eta okupazio maila, testuinguruari zuzendutakoa (pertsona batek lan merkatuan sartzeko duen probabilitate maila).