Erakundeak

Sektore Publikoa

Gure eguneko bizitzan nahikoa da kalera irten eta patxadaz, gure inguruan ikusten dugunari buruz gain hausnarketa egitea. Lehenik ikus genezakeena jendea da, pertsonak: jantziak daramatzate, elikagaiak jaten dituzte, etxeetan bizi dira, hezkuntza jasotzen dute, zergak ordaintzen dituzte... Gero enpresak daude: dendak, bulegoak, garraio zerbitzuak... non jantziak, elikagaiak eta bestelakoak lor genitzakeen. Eta azkenik Sektore Publikoak ematen dizkigun zerbitzuak aurki ditzakegu: osasun zentroak, ikastetxeak, kiroldegiak, Udaletxea,... non gure beharrak ere asetzeko aukera ematen diguten. Bizitzan, eta ekonomian, pertsonak, enpresak eta sektore publikoa dira protagonistak.

 

Bizitzan, eta ekonomian, pertsonak, enpresak eta sektore publikoa dira protagonistak.

 

Beraz, Sektore Publikoa gure ekonomiaren eragile bat da, esparru horretan parte hartze zuzena baitu. Sektore Publikoak ekonomiaren jardueran eragiten du, hain zuzen joko arauak ezartzen ditu, eta aberastasunaren birbanaketaren alde egiten du, zergen, gastuen eta lege- eta erakunde- esparruaren bidez.

Sektore Publikoa, enpresa publikoek, erakunde autonomiadunek eta administrazioa publikoak osatzen dute eta helburu hau du: gizarte osorako ahalik eta ongizate-maila altuena lortzea, horretarako behar diren erabakiak hartuz.

Helburu hori lortzeko ditugu erakunde publikoak; alde batetik euskal administrazio publikoak (Udalak, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza); eta beste alde batetik Estatua eta Europar Batasuna.

Gipuzkoako biztanleek jasotzen dituzten zerbitzu publiko gehienak euskal administrazio publikoak eskainitakoak dira. Baina beste batzuk Estatuak ematen ditu (esaterako, defentsa) edo Europar Batasunak (moneta-politika), bere eskumenekoak direlako edo transferitu barik daudelako. Administrazio zentralak transferitu gabeko zerbitzu publiko horietan egindako gastu publikoa EAEk finantzatzen du, Kupo deritzon zenbatekoa ordainduz.

 

Euskal Autonomia Erkidegoko esparru juridikoa

Ekonomia Itunaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoa eta Estatuaren arteko finantza eta zerga harremanak arautzen dira. Alde batetik, Konstituzioaren lehen xedapen gehigarria du oinarri; horren bitartez Konstituzioak babesa eta errespetua ematen dizkie foru-lurraldeen eskubide historikoei. Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutua onartzen duen 3/1979 Lege Organikoak aitortzen du lurralde historikoetako instituzioek dutela bere lurraldean zerga-sistema propioa ezartzeko, mantentzeko eta arautzeko gaitasuna.

Beraz, Foru Aldundiek ahalmen osoa dute beren lurralde historikoan zergak kudeatzeko, ordainarazteko, ikuskatzeko eta biltzeko. Hori guztia elkarren arteko koordinazio, harmonizazio eta lankidetza fiskalaren gaineko arauak errespetatuz.

Horren ondorioz zerga guztiak, Udalek jasotzen dituzten gutxi batzuk izan ezik, Foru Aldundiek biltzen dituzte. Eta tasak, berriz, zerbitzua eskaintzen duen administrazioak jasotzen ditu; adibidez, udal kiroldegiko tasa Udalak kobratzen du.

 

Sektore Publikoaren oinarrizko eginkizunak:

  1. Zergak ezarri. Ogasun publikoak, hiritarrei zergak ezartzeko gaitasuna du. Zergen bitartez estatuak bere gastuetarako behar dituen fondoak lortzen ditu, edo fondo horien gehiengoa.
  2. Arauak finkatu. Eragile ekonomiko guztiek errespetatu beharreko arauak ezartzen ditu. Gobernuak arlo askotan arautzen du; esaterako, lan-kontratuak, kutsadura, enpresarien zein langileen eskubide eta betebeharrak, enpresen lehia...
  3. Egoera ekonomikoa egonkortu. Ekonomia zikloka aldatzen da, krisialdiak eta goraldiak egoten dira, eta horren ondorioz, hiritarrek desoreka ekonomikoak jasaten dituzte. Gobernuek krisialdien ondorio latzak pairatzen lagundu behar dute, langabezia-tasak, inflazioa eta abar murriztuz.
  4. Errenta banatu. Gobernuak errentaren eta aberastasunaren banaketan eragiten du, diru-sarreren bidez eta gastu publikoaren bidez. Hau da, errentaren aldeak murrizteko estatuak aberatsei pobreei baino zerga handiagoak ordainarazten dizkie, eta fondo horiekin pobreei diru-laguntzak ematen dizkie.
  5. Ondasun publikoak eskaini. Sektore publikoak, enpresa pribatuentzat errentagarriak ez diren ondasun eta zerbitzuak eskaintzen ditu; ondasun horiei ondasun publikoak esaten zaie, eta horien ezaugarri nagusia hau da: pertsona askok era berean ondasun edo zerbitzu bera erabil dezakete. Ondasun publikoak dira errepideak, eskolak, ospitaleak, kiroldegiak..

 

Ekin lanari!