Glosarioa


A

Administrazio publikoa
Estatuak bere gain hartutako funtzioak modu exekutiboan betetzen dituzten erakundeen multzoa da.
Aurrekontua
Epe jakin baterako diruaren sartu-irtenen aurreikuspen bat da,familia,enpresa edo gobernu batek egin beharreko jarduera ekonomiko bati buruz.

B

Balio Erantsia
Lanari esker hasierako "input" edo lehengaietatik ekoizpen-prozesuaren ondorengo produktura dagoen balio gehigarria da.
Barne Produktu Gordina
Nazio batean urte batean ekoizten diren azken ondasun eta zerbitzuen diru-balioa.

D

Dohaintza
Bizi den norbaitengandik kosturik gabe lortutako ondare gehikuntza da.

E

Egintza Juridiko Dokumentatuak
Dokumentu publiko, erregistragarri eta balio ekonomikoa dituen ekintza formalizatuak dira, adib.: etxeen salerosketa, hipotekak...
Ekonomia Ituna
Ekonomia mailan lortutako akordioa da. Ekonomia Itunaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Estatuaren arteko finantza eta zerga harremanak arautzen dira.
Ekonomia Sistemak (edo sistema ekonomikoak)
Giza funtzionamendu ekonomikoa, hau da, gizarteak bere arazo ekonomikoak konpontzeko hautatutako antolaketa.
Ekonomiaren eragileak (edo eragile ekonomikoak)
Jarduera ekonomikoetan parte hartzen duten pertsonak dira; hots, ekoizpen-jardueretan, banaketa-jardueretan zein kontsumo-jardueretan aritzen direnak (familiak edo etxeko ekonomiak, enpresak eta Estatu edo sektore publikoa).
Enpresa Publikoa
Enpresaren jabea erakunde publikoa da.
Enpresa Txikia
Langile kopurua ez bada 50era heltzen.
Errendimendua
Jarduera bat egiteagatik jasotako saria edo errenta.
Errenta Kanpaina
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga ordaintzeko epea da. Orokorrean apirila-ekaina bitartean izaten da, eta hilabete lehenago zergaren azalpenak argitaratzen dira.
Ezkutuko Ekonomia
Ogasunarekin dituen betebeharretatik kanpo ari den jarduera ekonomikoa.

H

Herentzia
Hiltzerakoan, bere oinordekoei, pertsona batek uzten dizkien onurak, eskubideak eta betebeharrak.
Hobaria
Zerga baten kuota osoa murrizten den portzentajea. Esaterako, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergan elementu, akzio edota partaidetza jakin batzuk izateagatik dagoen %75eko kuota osoaren hobaria.

I

Inflazioa
Ondasun eta zerbitzuen prezioen maila orokorra eta modu jarraituan gora egitea da.
Iruzur Fiskala
Ogasunari eginiko tranpa edo iruzurra.

K

Kenkaria
Zerga batengatik ordaindu behar den kuota murrizten duen zenbatekoa. Esaterako, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan, kenkariak oinarri likidagarriari tarifa aplikatu ondoren sortzen den kuota osoari kentzen zaizkio (kenkaria ondorengo ahaideengatik, kenkaria ohiko etxebizitza errentan hartzeagatik…).
Kontribuzioa
Ondasun higiezinen (etxea, garajea,...) jabeek, jabe izate hutsagatik urtero bere Udalari ordaindu behar dutena; edo beste era batera esanda Ondasun Higiezin gaineko Zerga da.

L

Langabezia tasa
Langabeen eta biztanleria aktiboaren arteko erlazioa da, hau da, lan egin nahi duten ehun pertsonatik zenbatek ezin duten lan egin.

M

Mozkina
Eragiketa eta jarduera ekonomiko batean eskuratzen den irabazia da.

O

Offshore Inbertsioak
Lurralde bateko enpresak beste lurralde batean jarduera ekonomiko bat jartzea zenbait abantaila lortzeko asmotan, besteak beste, eskulan merkeagoa, zerga ordainketa txikiagoa eta lan araudi arinagoa.
Oinarri likidagarria
Zergetan, oinarri ezargarriari oinarriaren murriztapenak kendu ondorengo kopurua da.
Oinordetza
Pertsona fisikoak herentzian kosturik gabe lortutako ondare gehikuntza da.
Ondare eskualdaketa
Ondare baten jabetza pertsona batetik beste batengana pasatzea.
Ondasun Higiezin
Lurrari atxikirik dauden ondasunak dira, hala nola lursailak,orubeak, etxeak, lantegiak eta, oro har, mugitu ezin daitezkeen gauzak.
Ondasuna
Objektu material bat da, gizakiaren behar bat asetzen duen zerbait da

P

Paradisu Fiskala
Lurralde edo estatu bat non bere zerga politika mesedegarria den kanpoko pertsona edo enpresentzat.
Pertsona Fisikoa / Pertsona Juridikoa
Pertsona fisikoa pertsona naturala da bere eskubide eta betebeharrekin, pertsona juridikoa aldiz, pertsona fisiko bat edo gehiagoz osatua, erakunde bat da bere eskubide eta helburu sozialaz eta irabaz asmoduna ala gabea.

S

Subjektu pasiboa
Legeari jarraituaz zerga-prestazioak eta obligazio materialak eta formalak bete behar dituen pertsona fisikoa edo juridikoa.

Z

Zeharkako Zerga
Errenta erabiltzeak zergapetzen du. Ondasunak eta zerbitzuak, kontsumitzen denean ordaintzen da.
Zerga Oinarria
Zerga-tasa aplikatuko zaion kantitatea; oro har, dirutan adierazten da (fakturaren zenbatekoa, zergapekoaren errenta guztia...)
Zerga Tasa
Oinarri likidagarriari ezartzen zaion ehunekoa da.
Zerga Zorra
Ordaindu beharreko kopurua da. Zerga-kuotari kenkariak kenduta edo errekarguak gehituta ateratzen den emaitza da.
Zergapekoa
Zerga dagokion pertsona fisikoa edo juridikoa da.
Zuzeneko Zerga
Zergadunaren errenta zergapetzen du. Errenta sortu edo jaso ahala ordaintzen da.