Iruzurraren aurkako borroka

Zer egiten da Gipuzkoan iruzur fiskalaren kontra borrokatzeko?

Ogasun eta Finantza Departamentuaren 2020-2023 Kudeaketa Plan Estrategikoaren lerro estrategikoen barruan, urtero Zerga Egiaztapenerako Plana prestatzen da.

Ogasun eta Finantza Departamentua Ekonomia Ituna garatzeko eta gauzatzeko organo eskuduna da Gipuzkoako Foru Aldundiaren barruan. Horrek esan nahi du oinarrizko pieza dela lurralde historikoko arauen garapenean eta bertako zerga-bilketan.         

Hain zuzen ere, arauak egiteko ahalmenak tresna bat izan behar du aberastasuna hobeto birbanatzeko eta Gipuzkoako ekonomia bultzatzeko, eragileengan segurtasuna eta egonkortasuna sortuz.

Gainera, Ekonomia Itunak zerbitzu publikoak mantentzea bermatuko duten baliabide nahikoak eskaini behar ditu erakunde maila desberdinetarako.

Horrenbestez, departamentuaren helburuak hauek dira, 2023ko Zerga Egiaztapenerako Planean agertzen diren moduan adierazita:    

— Zerga iruzurra prebenitzea eta aurre egitea.       

— Finantza nahikotasuna bermatuko duen finantzaketa eredu instituzionala kudeatzea, ongizate estatua definitzen duten zerbitzu publikoei eusteko.

—  Foru sektore publikoan, aurrekontu egonkortasuna eta finantza jasangarritasuna lortzea legealdiaren amaieran.

— Zerga -betebeharren betetze-maila hobetzea, ongizatearen estatua bermatzen duten kontribuzioei gizarteak balio sozial handiagoa emateagatik eta iruzurrezko jokabideen aurrean tolerantzia txikiagoa erakusteagatik.

— Zerga-sistema desberdintasun ekonomikoak murrizteko egiazko tresna bilakatzea, zerga eta finantza alorrean dugun arau ahalmena erabiltzea garapen ekonomikoa, enplegua eta ongizatea hobetzek.

— Departamentua administrazio modernoaren erreferente bilakatzea, ingurune sozioekonomikoaren integrazioari, antolaketari eta berrikuntza teknologikoari dagokionez.

Laburbilduz: departamentuaren helburu estrategiko nagusiek zerbitzuaren eta efizientziaren ikuspuntutik eredugarria den administrazio bat lortu nahi dute, zerga iruzurra onartzen ez duen gizarte arduratsu eta solidario bati zuzenduta.           

 

Zer egiten da Euskadin iruzur fiskalaren kontra borrokatzeko?

Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoak (EZKO) 2013. Urtean Euskadiko Iruzur Fiskalaren kontrako borrokarako Batzordea sortu zuen.

Euskadiko Iruzur Fiskalaren kontrako borrokarako Batzordeak, beste eginkizun batzuen artean, urtero Iruzur Fiskalaren kontrako borrokarako Plan Bateratu bat prestatzeko eginkizuna du.

Plan Bateratuak Foru Aldundiek gauzatu beharreko jarduketa koordinatuak ezartzen ditu, Iruzurraren kontrako Borrokarako Euskadiko Batzordean adostutako jarduerak.

Foru Ogasun bakoitzeko Iruzur Fiskalaren kontrako borrokarako Planek edo Zerga Egiaztapenen Planek, batetik, Iruzurraren kontrako Borrokarako Euskadiko Batzordeak adostutako jarduerak eta lehentasunak ezartzen dituzte, eta, bestetik, foru-ogasun bakoitzak bereziki interesgarritzat jotzen dituen jarduera espezifikoak. Horrela bada, baliteke desberdintasunak egotea lurralde historikoetako plan espezifikoen eta Plan Bateratuaren artean.

Urtero, Iruzurraren kontrako Borrokarako Euskadiko Batzordeak, Iruzur Fiskalaren kontrako borrokarako Plan Bateratutik urte horretan lortutako emaitzei buruzko txostena egiten du.