Zerga zuzenak

Sozietateen gaineko zerga (SZ) (2022 Kanpaina)

Zerga mota Zuzena
Jasotzailea Foru Aldundia
Zergaduna Pertsona juridikoak
Oinarri ezargarria Urteko mozkina, hau da sarrerei gastuak kenduta lortzen den emaitza.
Oinarriaren murrizpenak Badaude, besteak beste, enpresa txikiek dituzten murrizpenak. Informazio gehiago ikus hemen
Oinarri likidagarria Oinarri ezargarriari oinarriaren murriztapenak kendu ondorengo kopurua
Tarifa edo tipoa Oro har, %24a, enpresa txikiak %20a. Informazio gehiago ikus taula
Kuota Oinarri likidagarriari tarifa edo tipoa aplikatzerakoan ateratzen den kopurua.
Kenkariak Besteak beste, I+G ikerketa eta garapena sustatzea.
Ordaindu beharrekoa Kuotari kenkariak kendu ondorengo emaitza.

Sozietateen gaineko Zerga zuzeneko tributua da, izaera pertsonala du. Euskal Autonomia Erkidegoan, Ekonomia Itunean ezarritakoari jarraituz, Foru Aldundiek biltzen dute zerga hori; hots, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek.

Zer zergapetzen du?

Subjektu pasiboek lortutako errenta, mozkina, kargatzen du. Merkataritza-sozietateek ordaintzen dute lortu dituzten etekinengatik, eta horien araberakoa da ordaintzen den zenbatekoa.

Nola kalkulatzen da ordaindu beharrekoa?

  1. Oinarri ezargarria: zerga-aldian lortutako irabazia izango da, hau da mozkina kontuan hartuko da, baita ere ondare gehikuntza edo ondare-murrizpenagatik lortutako emaitza.

    Mozkina honela kalkulatzen da: diru-sarrerei haiek lortzeko sortutako gastuak kenduz. Eta ondare-gehikuntza eta ondare-murrizpenari dagokionez honela kalkulatzen da: ondarearen salmentan jasotako diruari kentzen zaio bera erosteko ordaindutako kopurua.

  2. Oinarriaren murrizpenak: besteak beste, enpresa txikiek, Ibilgetu material berria amortizatzeko, hau da, egindako inbertsioa irabaziengatik berreskuratzeko, askatasuna izango dute. Baita ere, ekitaldiko gastu bezala zuzkidura zordunak izan dezaketen kaudimen gabeziak kontuan hartu ahal izango dute. Informazio gehiago
  3. Oinarri likidagarria: oinarri ezargarriari oinarriaren murriztapenak kendu ondoren lortzen den kopurua da.
  4. Tarifa edo tipoa: oinarri likidagarriari ezartzen zaion ehunekoa da. Oro har, %26koa da, baina zergapetua den enpresa txikia bada, zerga tasa hori %22koa da. Enpresaren izaeraren arabera ordaindutako tasa desberdinak daude, ikus taula
  5. Kuota: oinarri likidagarriari tarifa edo tipoa aplikatzerakoan ateratzen den kopurua.
  6. Kenkariak: urtarrilaren 17ko 2/2014 Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauak, V. Tituluko II. eta III. Kapituluetan ezartzen diren kenkariak izango ditu aplikagarri.
  7. Ordaindu beharrekoa: kuotari kenkariak kendu ondorengo emaitza da.

Adibidea

Zurlan enpresak 60 langile ditu eta Eibarren kokatua dago. Honako diru sarrerak eta gastuak izan ditu:

  • salgaien erosketak: 115.000€
  • salgaien salmentak: 308.000€
  • lansariak eta soldatak: 122.000€
  • lokal baten salmenta 25.000€koa izan da. Lokala erosi zutenean 19.000€ kostatu zitzaien.

Ordaindu behar du sozietate gaineko zerga? Zenbat? Eta ondorioz zein izango da zergak ordaindu ondorengo mozkin garbia?

Lehenik mozkinak izan ote dituen aztertu beharko dugu. Horretarako diru sarreren eta gastuen arteko aldea kalkulatu behar. Kasu honetan:

  • Diru sarrerak: 314.000€ (308.000 + 6.000)
  • Gastuak berriz: 237.000€ (115.000 + 122.000)
  • Mozkina: 77.000€ (314.000-237.000)
  • Oinarriaren murrizpenik ez duenez, mozkin horri tarifa edo tipoa ezarri beharko zaio. Kasu honetan %24 aplikatu beharko zaio.
  • Kuota: 18.480€ (77.000ren %24a)
  • Ordaindu beharrekoa: Kenkaririk ez duenez 18.480€ ordainduko du.
  • Mozkin garbia: 58.520€ (77.000-18.480).

Ekin lanari!