Atzealdea "Eraso sexistarik gabeko uda" kanpaina
2020/08/05
Euskadiko udalen esku jarri dute 'Eraso sexistarik gabeko uda' kanpaina Emakundek, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako aldundiek eta Eudelek (Euskadiko Udalen Elkarteak). “Beldur Barik” programaren barruko kanpainaren helburua da eraso sexistak prebenitzea.
Orain arte udako jaietako eraso sexistak prebenitzeko kanpaina izan da, baina covid-19aren pandemiak eragindako egoera berezia dela-eta, aurten kanpaina ez da jaietan oinarrituko, baizik eta udan, orokorrean.
Horretarako zenbait material eskaini zaizkie udalei, hala nola kartel bat eta eraso sexistak prebenitzeko gida bat, herritarrak baina batez ere gazteak, gai horrekin sentikortzeko eta inplikatzeko. Indarkeriaren kontrako irudi bateratua bilatzeaz gain, lortu nahi da herrietan lan-prozesu ezberdinak sortzen joatea gazteekin, aisialdi giroetan izan daitekeen indarkeria sexuala antzemateko, prebenitzeko eta aurre egiteko banakako zein taldeko erantzunak garatzeko.
Gaztematikak (Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek lurraldeko haur, nerabe eta gazteen sustapenerako sortutako sare publikoak) gai honetaz sentsibilizaturik, parekidetasuna oinarri duen gida bat garatu zuen 2018an, “Betaurreko Moreak” deiturikoa. Gipuzkoako haur eta nerabeen zerbitzuetan, irizpide sexistak albo batera utziz, emakumeei eta gizonei egokitutako rolak, portaerak, jokaerak, balioak eta abar kontuan hartu gabe heztea du helburu gidak, hezkidetza-eredua ahalik eta modu egokienean gertatzen dela bermatuz.