Atzealdea ‘Erronka globalen aurrean, gazteak martxan’ sarien lehenengo deialdia abian da
2021/11/11
Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak eta eLankidetzak elkarlanean ‘Erronka globalen aurrean, gazteak martxan’ sari-deialdia antolatu dute. Ekimenak elkartasuna, garapenerako lankidetza eta Euskadiko eta beste lurraldeetako gazteen arteko trukea sustatzeko helburua du.
Gai horiek bultzatzeko baldintzapean, gazteek aukera izango dute euskarri desberdinetarako eta edozein disziplinatan oinarritutako ekintzak jasoko dituzten proiektuak aurkezteko; hortaz, musika, dantza, bideoak, egonaldiak, hitzaldiak, mahainguruak eta bestelako jarduera anitz biltzen dituzten proposamenak espero dira. Gazteek taldeka edo banaka har dezakete parte baina proiektu bakar batean soilik. Aurkeztutako lanek proiektua aurrera eramateko baliabideak, helburuak, plangintza eta aurrekontua aurreikusi beharko dituzte. Nahi izanez gero, gazteek proiektuen adierazgarri izango diren lelo edota irudiak ere proposatu ditzakete, sare sozialetan eta erakundeetako webgunean zabaltzeko.
Proiektuak baloratzeko orduan, horien balio publiko eta soziala, bideragarritasuna, kalitatea eta argitasuna kontuan hartzeaz gain, elkartasuna eta lankidetza bezalako baloreak sustatzen dituzten lanak sarituko dira. Izan ere, puntu gehiago jasoko dituzte 3 pertsona edo gehiagoko taldeek edota elkarkidetasuna bultzatzen duten GGKE batekin elkarlanean parte hartzen duten proiektuek.
Sariak
Deialdi honetan 33 sari bananduko dira. 75 puntutik gorako kalifikaziorik altuena lortzen duten hiru proiektuek 3.000 euroko saria jasoko dute; 60 eta 75 puntu bitarteko kalifikazioa lortzen duten hurrengo 10 proiektu onenek 1.000 euroko saria jasoko dute. Azkenik, 60 puntu gaindituta aurreko saririk jaso ez duten beste 20 bat proiektu sarituko dira, 500 eurorekin.
Jarraitu gure sareak