Atzealdea “Hegazkin modua” kanpaina eta deskonexio digitalaren abantailak
2020/07/13
Haur, nerabe eta gazteek gero eta denbora gehiago pasatzen dute pantailen aurrean. Arrazoiak era askotakoak izan daitezke: ikastolako lan bat, aisialdia, harreman sozialak... Gailu teknologikoen erabilerak onuragarria izan behar luke; baina negatiboa ere bada, menpekotasun bat sortzen duenean, gure askatasuna mugatu eta gure portaerak zein jarrera sozio-emozionalak aldatzen dituenean. COVID19ak eragin duen itxialdian, eta hurrengo faseetan ere, gailu digitalen erabilera premiazko bihurtu da.
“Practica el modo avión” kanpaina Pantallas Amigas erakundeak jarri du abian, Espainiako Kontseilu Nagusiarekin, Mapre Fundazioarekin eta Twitterrekin batera. Herritar guztiei zuzenduta dagoen arren, bereziki nerabeengan jartzen du arreta.
Antolatzaileen arabera, “konektatuta egotea, on line egotea, egoera kontzientea izan behar du, aukeratzen dugun zerbait, gure ongizatea lortzen lagunduko diguna. Era berean, kontuan hartu behar dugu Saretik kanpo egoteko dugun aukera, sareetan dauden ohitura, moda edo presio sozialetatik kanpo”. Sentsibilizazio-kanpaina honek, deskonektatzeak dituen hamar abantaila edo ondorio positibo azpimarratzen ditu, eta sinbolikoki, “hegazkin modua” aktibatzera gonbidatzen gaitu.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritza ere arduratuta dago neurriz kanpoko konektatzearekin. Izan ere, KULTURA DIGITALA izeneko bere programaren helburuetako bat da adingabeen eta gazteen artean Sarearen erabilera arduratsua eta segurua sustatzea. Horretarako, kulturadigitala.eus webguneak guraso eta arloko profesionalentzako hainbat baliabide biltzen ditu.
Bertan dexintoxikazio digitala lantzeko sekuentzia didaktiko bat aurkitu dezakezue. Horren helburua da gailu teknologikoen gehiegizko erabilerari buruzko solasaldia bultzatzea. Material hauek aitzakia dira gazteekin solasean aritu eta haien artean espiritu kritikoa sustatzeko; hau da, nortasun digitala, pribatutasuna, irudiaren babesa eta beste hainbat gai lantzeko tresna bat dira.