Atzealdea Sareko 10 portaera egokiak

Argi dago egun hauetan IKTen erabilera nabarmen handitu dela. Horregatik, komeni da Sareko portaera egokiak gogora ekartzea.

2020/04/07


Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak, lurraldeko haur, nerabe eta gazteen, eta haien sustapenean aritzen diren eragileen gaitasun digitalak garatzeko beharraz jakitun,Kultura Digital@ programa du martxan, alfabetatze, gaitasun eta inklusio digitalak sustatzeko, baina baita sorkuntza eta ekoizpen digitala bultzatzeko ere.

Bizi dugun egoera hau egokia da komunikazioaren teknologia eta logika berriek informazioa lortzeko eskaintzen dituzten aukerei buruz hausnartzeko eta, hala, aukera emateko haurrei, nerabeei eta gazteei baliabide hauen inguruan edukien ekoizle eta kultura berri baten sortzaile bilakatzeko.

Halaber, testuinguru honetan aproposa izan daiteke Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) era kritiko eta sortzailean ezagutu eta erabil ditzaten sustatzea, eta herritartasun arduratsu eta solidario bat gauzatzea ahalbidetuko duten partaidetzazko praktikak bultzatzea.

Horregatik, aukera hau baliatu dugu Sarean izan behar diren portaera egokiak gogora ekartzeko.

10 portaera egokien dokumentua hemen eskuratu dezakezu [pdf]

  1. Sarean guztiak gara pertsona duinak; besteei errespetua diet eta errespetatzen naute.
  2. Sarean parte hartzea edo ez neuk erabakitzen dut. Besteen askatasuna ere onartzen dut.
  3. Nire identitatea, isilpeko informazioa eta besteen pribatutasuna babesten ditut.
  4. Bisitatzen ditudan guneak eta ezagutzen ditudan pertsonak aukeratu egingo ditut. Kontuz ibiliko naiz ditudan harremanekin.
  5. Nire eta besteen ideiak, iritziak eta zaletasunak errespetatzen ditut.
  6. IKTek nire bizi-kalitatea hobetzen laguntzen didate, giro zintzo eta baketsua sortzen ahalegintzen naiz.
  7. Adingabeak babesten ditut. Lagunak sareen erabileran gidatzen ditut eta eredu ona naiz haientzat.
  8. Egile-eskubideak errespetatzen ditut. Besteen produkzio intelektuala aitortzen dut.
  9. IKTak ez ditut erabiltzen legez kontrako ekintzetarako. Gune seguruak eta konstruktiboak sustatu eta erabiltzen ditut.
  10. IKTei eskaintzen diedan denbora erregulatu egiten dut.

Kulturadigitala.eus