Atzealdea Euskal Game Jam, euskarazko bideojokoak garatu nahi dituen ekitaldia, zerotik eta 48 ordutan

Ekimenak azaroaren 17tik 19ra bitartean Bilbon euskal garatzaileen komunitatea biltzea eta bideojokoen sektorean euskararen erabilera sustatzea du helburu.

2023/11/08



Game Erauntsia elkarteak, Zomorro Studio eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU) elkarlanean, , 48 orduko epean euskarazko bideojokoak zerotik garatzea helburu duen sorkuntza-ekitaldia antolatu du azaro honetan: Euskal Game Jam.

Ekitaldiak azaroaren 17tik 19ra euskal bideojoko-garatzaileen komunitatea bilduko du modu hibridoan, aurrez aurre EHU/UPVren Bilboko Bizkaia Aretoan eta online. Azaroaren 17an bideojokoen gai orokorra iragarriko da, eta azaroaren 19rako itch.io plataforman euskaraz argitaratuta egon beharko dute.

 

Izen-emate irekiak

Izen-emateak zabalik daude jada Game Erauntsiaren webgunean. Ekitaldian bideojokoak sortzeko oinarrizko ezagutzak dituzten 18 urtetik gorakoek parte har dezakete, banaka edo gehienez bost kideko taldeetan. Parte-hartzaileek beren tresnak eta baliabideak erabili beharko dituzte bideojokoa sortzeko.

Aurkeztutako bideojokoak euskaraz izango dira; hortaz, talde bakoitzeko ordezkari batek gutxienez euskaraz hitz egin beharko du. Beste hizkuntza batzuk erabili ahal izango dira, bai Game Jamen, bai ondoren.

Game Jam jaialdia hasi aurretik, antolatzaileek hitzaldiak eskainiko dituzte EHU/UPVko Bizkaia Aretoan. Aurkezpen horietan, Game Jamen parte hartzeko ideiak partekatuko dira, eta Euskal Herriko sortzaileak ezagutaraziko dira.

Azaroaren 19an hiru kategoriatako proiektuak aurkeztu eta bozkatuko dira:

  • Aurkezpenik onena
  • Ideiarrik originalena
  • Jolas dibertigarriena

 

INFORMAZIO GUZTIA

 

 

Jarraitu gure sareak