Atzealdea Haur, nerabe eta gazteen sustapen-arloko profesionalak Gipuzkoan
2023/12/15
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek lurraldeko haur, nerabe eta gazteen sustapenerako sare publiko bat dute: Gaztematika. 2008-2009an sortu zen, partaidetzazko prozesu baten bidez, gipuzkoarrei beren haurtzaroan, nerabezaroan eta gaztaroan laguntzeko. Haren bidez, etenik gabeko bide-laguntza profesionala, aukera-berdintasuna, parte-hartzea eta, hitz batean esanda, sustapena eskaintzen zaizkie, hurbileko zerbitzu eta baliabideen bitartez.
Esperientziak eta praktika onak trukatzeko gunea
Gaztematikari esker, erakunde arteko topaleku bat artikulatu da, esperientziak eta praktika onak trukatzeko gune bat, eta aholkularitza eta lankidetza teknikorako bideak zabaldu dira, prestakuntza-programa, foro eta hausnarketarako jardunaldi espezializatuak bultzatuz.
Horrek guztiak laguntzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek haurren eta gazteen sustapen-arloan garatu behar diren politika egokienak zehazten.
Izan ere, ahalegin horretan sarea osatzen eta mugitzen duten pertsonak dira balioa ematen diotenak: arduradun politiko eta teknikoak, hezitzaileak, suspertzaileak, informatzaileak, etab., bakoitzak bere ezagutza, trebetasuna, abilezia eta talentua jarriz.
Haur, nerabe eta gazteen sustapen-arloko profesionalen errolda
Une honetan, lurraldeko 88 udalerrietatik 76 dira Gaztematika sareari atxikita daudenak. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udal-administrazio horiek haur, nerabe eta gazteentzako 152 ekipamendu dituzte, guztira, eta urte osoan zehar 358 profesional aritzen dira arlo horretan lanean. Orain, sektoreko langile horien errolda aztertu eta txosten batean jaso da, kolektiboa dimentsionatu eta hobeto ezagutzeko.
Ardura eta funtzioen arabera, lau azpi-talde identifikatu dira: hezitzaile eta begiraleak; suspertzaileak; gazteriako edo HNGen sustapen-arloko teknikariak; eta bestelako langile tekniko eta administratiboak.
Hezitzaile eta begiraleak: Haurtxoko eta gaztelekuetan 239 pertsonak lan egiten dute haur eta nerabeekin. Zazpi administrazioko langileak dira, udalek kontratatuak alegia, eta gainerakoak administrazioaren zerbitzuak kudeatzen dituzten elkarte edo enpresetako langileak.
Gipuzkoako haurtxoko eta gaztelekuak haurrak eta nerabeak astialdiaren bitartez bizitzarako trebatzen dituzten hezkuntza ez-formaleko zerbitzuak dira. Bakoitzak bere izaera du, bere identitate eta autonomia, baina Gaztematika sareak, guztien kalitatea bermatzen du, bertako profesionalen prestakuntza eta kualifikazioaren bitartez, zerbitzuetan programa berritzaileak eta kanpainak martxan jarriz, edota beren jardunerako aholkularitza eta laguntza emanez. Eta horretan funtsezkoa da profesional horien bide-laguntza.
Horien guztien artean, aipagarria da 10 herri txikitan zerbitzu ematen duten bi hezitzaileren kasua. Izan ere, halako udalerrietan haurtxoko edo gazteleku propio bat kudeatzea zer zaila den ikusirik, aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gure Plaza Txo! Programa pilotua martxan jarri du, lurraldeko 10 udalerri txikirekin lankidetzan, 1.000 biztanletik beherako herrietan ere haurren eta nerabeen sustapena dinamizatu eta indartzeko.
Haur, nerabe eta gazteen sustapen-teknikariak: Lurraldeko haur, nerabe eta gazteen beharrak ezagutu eta politika publikoen bidez erantzuteko ardura teknikoa duten profesionalak dira. 89 langile daude; 68 udaletan eta 21 Foru Aldundian. Haur eta nerabeei hezkuntza ez-formalean eskaintzen zaizkien zerbitzu publikoen ardura ere beren gain dute.
Suspertzaileak: Aldi berean gazteria-teknikarien eta hezitzaileen lanak egiten dituzten profesionalak dira. Bederatzi udalerrik dute alako figura (1.500-2.500 biztanlekoak).
Udaletan, beste langile tekniko eta administratiboak ere badira. HNGen sustapen-teknikariekin batera gazteria-gaietan lan egiten duten beste 21 langile dira: administrariak eta informatzaileak. Horietatik % 62 administrazioko langile edo funtzionarioak da, eta % 38 zerbitzuak kudeatzen dituzten elkarte edo enpresetako langileak.
Jarraitu gure sareak