Atzealdea Gipuzkoak 1.420 plaza eskaintzen ditu haur eta gazteei zuzendutako programazio zabalarekin

Gipuzkoan, Udalekuak eta Gazte Oporraldietan izena emateko epea martxoaren 13tik 22ra izango da, eta zozketa apirilaren 15ean egingo da.

2024/03/11


Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek batera antolatzen dute Udalekuak 2024 udako kanpaina, Euskadiko haur eta gazteei zuzendutako jolas- eta hezkuntza-programen eskaintza zabala duena. Gipuzkoak 1.010 plaza eskainiko ditu 7 eta 13 urte bitarteko adinetarako. Udalekuak uztailaren 1etik 29ra egingo dira, biak barne.


 

Isaac Palencia Gazteriako zuzendariak Udalekuak 2024 programa aurkeztu du gaur goizean Gasteizen. Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Leixuri Arrizabalaga eta Arabako Kultura eta Kirol diputatu Ana del Val ere bertan izan dira.

Isaac Palencia Gazteriako zuzendariak adierazpen hauek egin ditu: «Pozarren aurkezten dugu aurten ere Udalekuak 2024 programa, Euskadiko haur eta gaztetxoentzako programazio zabal batekin. Aurten, Gipuzkoak 1.420 plaza eskaintzen ditu, 7 eta 13 urte bitarteko haurrei udaleku hauek eskaintzen dieten esperientzia aberasgarriari laguntzeko, Udalekuak programaren bidez eta 14 eta 17 urte bitartekoei Gazte Oporraldien bidez. Jarduera horiek entretenimendua ez ezik, funtsezko balioak ere sustatzen dituzte, hala nola bizikidetza, errespetua, bizitza osasungarria eta ingurumenaren zaintza. Sarritan beste adin talde batzuei lehentasuna ematen zaien une honetan, funtsezkoa da gogoratzea garrantzitsua dela gure gaztetxoei aukera esanguratsuak ematea eta haiek gizartean betetzen duten zeregina aitortzea».

 

Udalekuak 2024

Gipuzkoako Udalekuak 2024ren jarduerak Orio, Zarautz, Hondarribia, Arantza, Abaraxka eta Bertizko instalazioetan izango dira. Instalazio horietan guztietan hiru lurraldeetan erroldatutako haurrek parte hartu ahal izango dute, aldundien artean plazak trukatzeko aukerari esker; alabaina, parte-hartzaile bakoitzak erroldatuta dagoen lurraldean egingo du izen-ematea.

Haurrek kirol eta kultura arloko jarduerez gozatu ahal izango dute, hala nola museoetara egindako bisitak, txalaparta, birziklatze-tailerra, mitologiari buruzko gau-jaiak, gynkanak, mendi-ibiliak, eskalada, rapela, tirolina, arku-tiroa, paintballa, arborismoa, orientazio-jolasak egindako jolasak, mendiko bizikletako jaitsiera, arraunketa, piragua, kanoi-jaitsiera, pedaloia, optimist-a, wind surfa edo pilota, multiabentura, herri kirolak (trontza, lokotxak, zakulariak, txingak, sokatira), via ferratak, baratzeko jarduerak, animaliekin egindako jarduerak eta elikadurari buruzko tailerrak, besteak beste. Halaber, inguruko geologia, flora eta fauna ezagutzeko jarduerak egingo dira.

Instalazio bakoitzaren jarduerak kanpainaren liburuxkan eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunean kontsultatu ahal izango dira: www.gipuzkoa.eus/udalekuak

Udalekuen helburu nagusia da haur horiei elkarbizitzarako gune ludiko bat eskaintzea, beren autonomia pertsonala sendotu ahal izateko. Filosofia horrekin, Udalekuak programaren edizio berri honek honako helburu hauek ditu: oporraldiez gozatzea erraztea; autonomia eta bizikidetza bultzatzea; aisia hezitzailea sustatzea; ingurune naturalera hurbiltzen eta ingurumena errespetatzen laguntzea; aisialdi-jardueretan euskara komunikazio hizkuntza gisa erabiltzea sustatzea; eremu bakoitzeko ohiturak eta kultura baliabideak ezagutaraztea; eguneroko bizikidetzan adiskidetasuna eta elkartasuna sustatzea, besteak beste; eta genero-estereotipoak eta -rolak zalantzan jartzen dituzten berdintasunezko eta errespetuzko jarduerak bultzatzea.

 

Izen-emateak eta kuotak

  • Zozketarako izen-emateak martxoaren 13tik 22ra egin ahal izango dira.
  • Gehienez ere hiru parte-hartzaileko taldeetan egin ahal izango dira.
  • Gipuzkoan, jendaurrean banatuko dira plazak, zozketa bidez, apirilaren 15an.

Aurten, honako kuota hau ezarri da:

  • Kuota orokorra: 138 euro.

Prezio horren barruan sartzen dira ostatua, gosaria, bazkaria, askaria eta afaria, dinamizazio-zerbitzua, istripu eta erantzukizun zibileko asegurua, bai eta joan-etorriko garraioa ere jatorrizko lekutik (Donostia, Bilbo eta Gasteiz).

Gainera, lurralde bakoitzak hobariak ezartzen ditu gizarte-laguntzak jasotzen dituzten familientzat, familia ugarientzat eta monoparentalak. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) jasotzen dituzten familietako edo kide familia kide guztiak langabezian dituztenak eta familia ugarietako haurrek eta gazteek hobaria jaso ahal izango dute kuotan.

 

Integrazioa

Hezkuntza premia bereziak dituzten pertsonak. Hezkuntza premia bereziak dituzten pertsonak –desgaitasun fisikoa, psikikoa, sentsoriala edo soziala dutenak– aisialdiko jardueretan integra daitezen sustatzeko, foru aldundiek plaza guztien % 5 gordetzen dute kolektibo horrentzat. Integrazio prozesu hori bermatzeko, kolektibo horiei arreta emateko elkarte espezifikoen laguntza izango dute aldundiek.

 

Gazte oporraldiak

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Departamentuak Udalekuen eskaintzaz gain 370 plaza eskaintzen ditu 14 eta 17 urte bitarteko gazteentzako udako jardueretarako. Jarduera horiek, Gazte Oporraldiak programaren barruan, gazteen aisialdia aberastea dute helburu, aisialdi-abenturako jarduerekin eta egonaldi tematikoekin. Programa duela 30 urtetik dago martxan, eta uztailaren 1etik abuztuaren 7ra egingo da, 7, 10, 11 eta 12 eguneko txandekin. 14 jarduera eskaintzen dira euskaraz eta gaztelaniaz, batzuk beste erkidego batzuekin koordinatuta.

Isaac Palencia Gazteriako zuzendariak nabarmendu duenez, "Gazte Oporraldiak programa aukera bat da Gipuzkoako gazteek beren aisialdiaz modu aberasgarrian eta dibertigarrian gozatzeko. Aurten jardueren eskaintza zabaldu dugu, gustu guztietarako aukerak egon daitezen. " Jardueren artean daude abentura, natura, uretako kirolak eta kultura-kirolak. Kuotak diru-sarreren arabera aldatzen dira, eta murrizketak errazten dira premia ekonomikoak dituzten familientzat. Aurrez izena emateko prozesua martxoaren 13tik 22ra bitartean egingo da, eta ondoren apirilaren 15ean zozketa publiko bat egingo da plazak esleitzeko. Aurreko urteetako gogobetetze-ebaluazioek oso balorazio positiboa erakusten dute jarduerei buruz: batez beste, 8.5 puntu 0tik 10era bitarteko eskala batean.

 

Udalekuak

Gazte Oporraldiak

 

 

 

Jarraitu gure sareak