Atzealdea LUMAfest!, Gipuzkoako gazte-literaturaren jaialdiak, gazteei zuzendutako mikrokontakizunen lehiaketa abiarazi du
2024/06/12
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak LUMAfest! Gipuzkoako gazte-literaturaren eta gazte-sorkuntzaren jaialdiaren 3.edizioa antolatu du. Irailaren 12, 13 eta 14an egingo da Koldo Mitxelena Kulturgunean (gaur egun Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuan kokatuta dago). Jaialdiaren baitan antolatzen da mikrokontakizunen lehiaketa, eta parte hartzeko epea abian da irailaren 3ra arte.
Kontakizun laburren lehiaketaren helburua da gazteek literatur jardueretan parte har dezaten eta idazketa sortzailearekiko interesa izan dezaten sustatzea. Lehiaketa 14 eta 21 urte bitarteko edozein gazterentzat irekita dago.
Lanak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez daitezke, lehiaketak kategoria bana baitu hizkuntza bakoitzerako. Kategoria bakoitzean, bi mikrokontakizun irabazle aukeratuko dira. Saria, aurreko urteetan bezala, 180 euroko balioa duen liburu-sorta izango da.
Behin epea amaituta, antolatzaileek testu finalistak aukeratuko dituzte eta jaialdian parte hatuko duten egileen laguntzarekin, mikrokontakizun irabazleak aukeratuko dituzte. Irabazleak irailaren 12an iragarriko dira gaztelaniazko kontakizunentzat eta irailaren 13an euskarazkoentzat.
Aurtengo kartela Cristina Daura (@cdaura) ilustratzaileak diseinatu du. Ilustrazioaren erdian Santa Teresa komentua dago, aurtengo LUMAfest! –en etxea izango dena. Haren inguruan, programazioko generoak eta gaiak grafikoki irudikatzen dira, hala nola literatura erromantikoa eta historikoa, LGTBIQ+ gaiak eta gizarte eta ingurumen-arazoak. Laster jakinaraziko da jaialdiaren programazio zehatza.
Jarraitu gure sareak