Atzealdea Udalekuak eta Gazte oporraldiak, Gazteria Zuzendaritzaren udako programak, gaur hasi dira
2024/07/01
Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Saileko Gazteria Zuzendaritzak udako Udalekuak eta Gazte Oporraldiak programari ekin dio gaur, uztailak 1. Udalekuak programa uztailaren 29ra arte garatuko da eta Gazte Oporraldiak programa abuztuaren 7an amaituko da.
Aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.420 plaza prestatu ditu gazteek udan jarduerak egin ditzaten. 1.050 plaza Udalekuak programara bideratu dira eta 370 Gazte Oporraldietara. Bestalde, plazen % 5 behar bereziak dituzten gazteentzat gorde dira, aurreko urteetako gizarteratze-konpromisoaari eutsiz.
Udalekuen programa 7 eta 13 urte bitarteko haur eta nerabeentzat da, eta 7 egunez aisia eta abenturako ekintzak egingo dituzte euskaraz edo elebitan. Hiru Foru Aldundiak arduratzen dira antolaketaz; beraz, Gipuzkoako parte-hartzaileek esperientzia Arabako eta Bizkaiko neska-mutilekin batera biziko dute.
Bestalde, Gazte Oporraldiak programa, 14 eta 17 urte bitarteko gazteak biltzen ditu, 7, 10, 11 edo 12 eguneko egonaldietan, eta euskaraz edo gaztelaniaz garatzen dira. Jarduerak hainbat autonomia-erkidegorekin eta Arabako Foru Aldundiarekin koordinatzen dira, eta eskualde desberdinetako gazteekin egoteko aukera ematen dute.
Programa horien helburu nagusia da lurraldeko haur eta gazteei aisialdiaz modu eraikitzailean gozatzeko aukera ematea. Hainbat jardueraren bidez, aisialdi hezigarria, autonomia pertsonala, bizikidetza harmonikoa eta ezagutza kulturala sustatu nahi dira, bai eta euskararen erabilera ere.
Aurreko edizioetan bezala, eguneroko aurrerapenak eta esperientziak programen webgunean jarraitu ahal izango dira, "egunerokoak" atalean. Bertan, egindako ekintzen argazkiak argitaratuko dira.
Jarraitu gure sareak