Atzealdea LABO GEO: dantza eta praktika garaikideak Gipuzkoako landa eremuko udalerri txikietara hurbiltzeko ekimena.

Doako tailer eta ikuskizunak izango dira irailean zehar eta edozeinek bertaratu ahal izango du. Horretarako, doako autobus zerbitzua jarriko du Aldundiak (aurretiko izen-ematearekin), Donostia eta Tolosatik abiatuta.

2024/07/30


Gipuzkoako Foru Aldundiko estrategietako bat da Gipuzkoako herrialde txikietan kultura, berdintasuna, mugikortasuna eta gazteriarekin zer ikusia duten politikak zabaltzea. Horren harira aurkeztu du gaur, Goizane Alvarez, Gazteria, Kultura, Kirol eta Kooperazioko diputatuak LABO GEO ekimena.

NODE Donostiako dantza, performance eta ikus-entzunezko konpainiarekin elkarlanean sortutako proposamena da. LABOGEOk landa eremuko herri txiki horietako gazteak kultura eta arte eszenikoetara hurbiltzea du helburu. Halaber, hirietan ematen diren praktika artistiko garaikideak deszentralizatu, eta espazio eta publiko berriak sortu nahi ditu, ingurunearekin eta komunitatearekin bat eginez.

Irailaren erdialdetik aurrera, adin guztietako pertsonek aukera izango dute bitartekaritza-jarduerez gozatzeko, mugimendu, ahots eta plastikako tailerretan parte hartuz. Eskaintza anitza izango da; guztira 9 ekimen izango dira Gipuzkoako 3 udalerritan: Altzon, Larraulen eta Mutiloan.

Egitaraua:

 

Larraul: 250 biztanle inguruko udalerria, Tolosaldea eskualdeko Aiztondo bailaran kokatua.

Jarduerak irailaren 14an, larunbata, hasiko dira, mugimendu, ahots eta plastikako tailerrekin. 2 ordu eta erdi inguru iraungo dute, eta ikusle guztientzat izango da, dohainik. Irailaren 15ean, igandea, ikuskizunak egingo dira: NODEren aurkezpena Baturekin, Remedios Vals Jone Amezaga eta Manu Gaigneren eskutik, eta “Lehio zikin, zeru garbi” eskainiko du Mari Zaunkak.

Mutiloa: 240 biztanle inguruko udalerria, Goierri eskualdean.

Irailaren 21ean, larunbata, mugimendu, ahots eta plastikako tailerrak eskainiko dira, 2 ordu eta erdikoak horiek ere, eta ikusle guztientzat zabalik. Irailaren 22an, igandea, “Solo” izeneko Borja Bordonaberen ikuskizunak egingo dira, bai eta Neri(h)ariren “Nere azalean arrotz?” eta Larrua Proiektuaren “Idi begi” ere.

Altzo: 445 biztanle inguruko landa-udalerria Tolosaldea eskualdean, Migel Joakin Eleizegi Arteaga Altzoko Handiarengatik ezaguna.

Irailaren 28an, larunbata, mugimendu, ahots eta plastikako tailerrak egingo dira, 2 ordu eta erdikoak, eta herritar guztientzat irekita. Irailaren 29an, igandean, ikuskizunen txanda izango da: DABek “Nun Zira?” aurkeztuko du, Cielo Rasok “Reset” eta Osa+Mujikak “Bueltaxka”.