Atzealdea Gazteak eta kultura: LABO GEO ekimen berria asteburu honetan Larraulen izango da
2024/09/10
LABO programaren barruan, proposamen berri hori gehitu zaie LABO GOri (Sorkuntza-prozesuen erakusleihoa) eta LABO XLri (Donostiako espazio eta lengoaia eszeniko berrien jaialdia). LABO GEOren helburua da dantza eta praktika garaikideak eramatea hedadura txikiko Gipuzkoako landa-udalerrietara. Proposamenak hainbat kaleko ikuskizun eszeniko eta bitartekaritza-jarduera biltzen ditu, eta jardunaldi batzuk osatzen ditu non kulturak, ondareak eta partaidetzak elkarri eskua ematen dioten. Ekimen honen helburua da hirietako praktika artistiko garaikideak deszentralizatzea eta espazio eta publiko berriak sortzea, ingurunean eta komunitatean integratuz.
Inprimakia eskuragarri dago webgunean izena eman ahal izateko. Horrela, igande bakoitzean doako autobusa hartzeko aukera izango dute izena ematen dutenek Donostiako (Easo plaza 65) eta Tolosako (Rondilla kalea 34) geltokietan. Autobusa udalerri bakoitzera joango da: Larraul, Mutiloa eta Altzo. Larunbatetan udalerrietan egingo diren tailerrei buruzko informazio guztia ere eskuragarri dago.
Informazio guztia hemen: www.labo.eus
Bi jarduera egingo dira astero hiru astez jarraian, Gipuzkoako hiru udalerritan. Larunbatetan, mugimenduari, ahotsari eta plastikari buruzko tailer parte-hartzaileak egingo dira. Igandeetan, berriz, jai-egunak, arte eszenikoetako ikuskizunekin eta udal-ondarearen gozamenarekin.
Goizane Alvarez Kultura diputatuak nabarmendu duenez, "LABO GEO ekimena aukera paregabea da kultura hiriburutik harago hurbildu eta herri txikietara eramateko. Ekimen horiek gure landa-udalerrietako kultura-bizitza aberasten dute, eta, gainera, gure tokiko ondareari balioa ematen diote. Funtsezkoa da praktika artistiko garaikideak deszentralizatzea eta gipuzkoar guztiei beren ingurune hurbilean kulturaz gozatzeko aukera ematea".
LABO GEOko zuzendari Ion Estalak azpimarratu duenez, "ez da dantza-ikuskizun batez gozatzeko eszenatokirik hobea gure herrien ondarea eta ingurunea baino. Berez ikusgarria den mihise natural bat da, eta dantzak aski du marraztea hartara magia eta edertasun gehiago sortzeko”. Eta honako hau gehitu du: “lurraldeko artisten ikuskizunen jarraipena eta identifikazioa egin dugu, sortzen ari den talentuan arreta jarriz, baina ibilbide luzeko konpainiei lekua emanez. Proposamen garaikide eta urratzaileagoetatik gure sustrai eta tradizioetan oinarritutakoetara, askotariko programa bat sortzen da, diziplina anitzekoa eta erritmo handikoa".
LABO GEOko produkzioburu Ana Barrantesek azaldu duenez, "bitartekaritza-jardueren helburua da elkarrizketa-gune bat sortzea, baita herritarren, herriaren eta sortzaileen arteko lehen topaketa, mugimenduko, ahotseko eta plastikozko tailer parte-hartzaileen bidez. Une hezitzailea eta dantzarekiko sentikortasunekoa, eta, nola ez, aisialdikoa eta familia-ingurunekoa. Hurrengo egunean gertatuko denaren atari perfektua”.
Larraul: 250 biztanle inguruko udalerria, Aiztondo bailaran kokatua (Tolosaldea eskualdea).
Jarduerak irailaren 14an (larunbata) hasiko dira, 10:00etan. Mugimendu-, ahots- eta plastika-tailerrak izango dira, eta bi ordu eta erdi iraungo dute, gutxi gorabehera. Publiko guztiei zuzenduta egongo dira, eta edonor bertaratu daiteke. Irailaren 15ean (igandea), 12:00etatik aurrera, ikuskizunak egingo dira, NODE eta Baturen aurkezpenak barne: Jone Amezaga eta Manu Gaignek Remedios Vals aurkeztuko dute eta Mari Zaunkak «Lehio zikin, zeru garbi» aurkeztuko du.
Mutiloa: Goierri eskualdeko udalerria, 240 biztanle inguru dituena.
Irailaren 21ean, larunbata, mugimendu-, ahots- eta plastika-tailerrak eskainiko dira, bi ordu eta erdikoak, gutxi gorabehera, publiko guztientzat. Irailaren 22an, igandean, Borja Bordonaberen "Solo", Neri(h)ariren "Nere azalean arrotz?" eta Proyecto Larruaren "Idi begi" ikuskizunak aurkeztuko dira.
Altzo: Tolosaldea eskualdeko landa-udalerria, 445 biztanle inguru dituena. Herria Migel Joakin Eleizegi Arteagak, ezizenez Altzoko Handia, famatu zuen.
Irailaren 28ko (larunbata) jarduerek mugimendu-, ahots- eta plastika-tailerrak izango dituzte, bi ordu eta erdikoak eta herritar guztientzat izango direnak. Irailaren 29an (igandea) ikuskizunen txanda izango da. DABek "Nun Zira?" aurkeztuko du; Cielo Rasok, "Reset"; eta Osa+Mujikak, "Bueltaxka"
Bertaratzea errazteko, doako autobus bat izango da (aldez aurretik izena eman behar da), Donostia eta Tolosako bisitariak jasotzeko. Ibilbidean zehar, zein udalerritara doan eta eguneko programa zein den jakinaraziko da performance-aren bidez. Udalerrian, eszena-muntaketak eta entseguek bisitarien arreta piztuko dute. Jendea bildu ondoren, inguruaz eta udal-ondareaz gozatu eta dantza garaikidearen orduari ekingo zaio, esparru paregabe batean. Ondoren, topaketa bat antolatuko da artisten, publikoaren eta antolakuntzaren artean, esperientziak partekatzeko.
LABO GEOk hitzematen du esperientzia aberasgarria izango dela, eta kultura Gipuzkoako txokoetara eramango duela, oso gutxitan iritsiko baita bertara; horrela, herritarren artean parte-hartze eta balioespen kultural handiagoa sustatuko du.
Jarraitu gure sareak